180 laguntzaile behar ditu Euskararen VII. Maratoiak

Txintxarri Aldizkaria 2008ko irailaren 12a

Gero eta handiagoa ari da bihurtzen Euskararen Maratoia. Ediziotik ediziora berrikuntza gehiago sartzen dira; aurtengo berrikuntza nabarmenena otorduena da. Orain arte larunbateko eta igandeko afaria eskaintzen ziren, aurten berriz, otordu guztiak plazan egiteko aukera izango da.

Euskararen Maratoiak laguntzaileak behar ditu bai, gauzak txukun antolatu ahal izateko. Beraz, antolatzaileek eskaera hori egin nahi dute lerro hauen bitartez. Jarraian, antolatzaileek emandako azalpenak dituzue, gutxi gorabehera zenbat lagun behar diren eta non behar diren laguntzaileak.
Asteburuan zehar hainbat eta hainbat ekintzetan laguntzeko eta parte hartzeko aukera izango da beraz. Adibidez, Denda bat ipiniko da otorduetako txartelak, kamisetak eta maratoiko abestien CDa saltzeko. Hiru orduko lau txanda egingo dira egun bakoitzeko eta hiru lagun behar dira txanda bakoitzean.
Otorduak berriz, ez dira denak zerbitzatuak izango, bakarrik larunbat gaueko afaria zerbitzatuko da; bertan 35 zerbitzari inguru beharko dira. Beste otorduak ez badira zerbitzatzen ere, mahaiak jarri eta kendu behar dira (10 lagun otorduko) eta janaria ere banatu behar da (4 lagun otorduko). Zerbitzatzen ez denez, edariak banatzeko ere txandak egin behar dira (6 lagun otorduko).
Hauetaz gain badaude beste zenbait lan orokorragoak direnak: garraio lanak, dekorazio lanak, begirale lanak... Guzti hauetan ere laguntzaileak behar dira.

Web orria
Guzti honen berri zehatzagoa duzue www.euskararenmaratoia.com web orrialdean. Laguntzaileen beharrak zeintzuk diren azaltzeaz gain, aurtengo frogen nondik norakoak ere azaltzen dira. Gainera, izena web orritik bertatik eman daiteke.
Bestela ere, laguntzaile moduan aritu nahi dutenek, Ttakunetik (Geltoki kalea 4) pasa daitezke edo telefonoz deitu, 943 371448. Denon artean egingo dugu Euskararen 7. Maratoia!•