LOKEko judokek aurreikuspen ona dute denboraldi honetarako

Txintxarri 2008ko irailaren 12a

Kirol guztien denboraldia hastear dago. LOKEko judokek hurrengo astean dute lehenengo txapelketa, horregatik zur eta lur dabiltza entrenatzen. Denboraldiaren aurreikuspena egiteko Gorka Aristegi entrenatzailearekin hitz egin dugu.

Aste honetan hasi dituzte entrenamenduak LOKEko 70 judokek, baina Gorka Aristegik esan digunez “denboraldiako lehenengo txapelketa hurrengo astean dugu, 23 urte azpiko txapelketa Valladoliden. Ostean Andorra, Girona, Bartzelona, etab. Beraz, iada hasi gara”.
Txapelketetaz ari garela, iazko denboraldiko arrakasta espero dutela aipatu digu, “Espainia mailan 12 domina irabazi genituen eta aurten ere zenbakia berdindu edo gaindituko dugu”. Izan ere, Aristegik dionez, maila guztietan dute aukeraren bat.
Honetaz gain, Espainiar Estatutik kanpo ere lehiatuko direla aipatu digu judoko entrenatzaileak. “Urtero Frantzia eta Italiara goaz. Frantziako lehiaketa egun bereko joan etorria da, baina Italiakoa berriz saria da eta hara joateko merituak egin behar dituzte”, esan digu Gorkak.

Sanbo borroka
Sanboari buruz ere hitz egin dugu, izan ere iaz hainbat arrakasta izan zituzten borroka modalitate horretan. Aristegik esan digunez, “gure kirola judoa da, baina beste bi aukera ere baditugu, borroka olinpokoa eta sanboa. Sanboak judoaren antza handia du eta horregatik parte hartzen dugu”. Eta zera atxikitzen du “bidaiatu eta jendea ezagutzeaz gain, entrenamendu gisa erabiltzen dugu. Esate baterako, urrian junior txapelketa izango dugu Madrilen”.
Honela, bai judo, bai sanboan taldeaz arro agertzen da, ez bakarrik emaitzen gatik, baita taldea egin delako ere. “Urte batzuk daramatzagu jende berarekin lanean eta hauen konpromisoa handia da. Entrenamenduak, lehiaketak, etab. jakin mina sartu zaie. Hau ere oso garrantzitsua da guretzat”, onartu digu Gorkak.•