Zezen jaioz gero (I)

Txintxarri 2008ko irailaren 12a

Zezen jaioz gero eta inguruan entzuten dituzun elkarrizketak espainolez badira nahikoa arrazoi duzu kezkatzeko. Hortik aurrera, zalantzagarria den ohorea izango duzu protagonista bihurtuko baitzara, pasiozko istorio batena, identitate kulturalarena, negozioarena eta zeure interes propioentzat okerrena dena, lintxamendu publikoarena. Dena batera. Horrela esanda iradokitzailea badirudi ere, lerro hauek irakurtzen dituen inor ez litzakeela zugandik aldatuko jakitea zer pentsatu ematen du.
Zezen jaioz gero amarekin bizi zara, eta denboraldi batez behintzat bakean utziko zaituzte. Garai horri begiratuta, zezen izatea interesgarria izan liteke. Eguzki egun lasaiak eta euliak, kronograma arrunt bat baino askoz gehiago ez da behar. Esnatu, jan, kideekin putzura gerturatu, abaro lasai bat gustuko artearen azpian eta arratsaldeak konturatu ere egin gabe ihes egiten dizu. Bueltatzeko garaia. Biharkoa beste egun bat izango da.
Zezen jaioz gero, oso desatsegina behar du, hilabete batzuk besterik edukita, familiaz banandu eta izugarrizko beroa egiten duen leku batera eraman zaitzatela (ia ipurmasailean burdin gori hura jarri zizutenean bezain beste bero), zeure eguneroko pasaiarekin zer ikusirik ez duen paisaia batera. Kolore iluna duen area zoru gainean eta begiratzen duzun tokira begiratzen duzula, porlan eta zurezko ikusmuga.
Arrotza zaizun eskenatokian zaldi gainean tipo bat agertzen da eta gerturatu zaitezen zirikatzen zaitu egoera berri eta nahasgarri horretan. Zeure burua babesten saiatzen zara, baina orduan min zorrotz bat sentitzen duzu lepoko atzealdean. Segundo batzuk besterik ez direla pasa burdinaren kiratsa sumatzen duzu: orduraino gorputz barrutik zenuen odola zauritik jario da. Probokazioak oraindik badirau. Baina odol jarioa eta egiten duen beroaren ondorioz arnasestuka zabiltzan arren erantzun egiten duzu. Gauez, berriro zeureekin bultan, bizi berri duzun esperientzia era ulertezin eta traumatikoan gogoratzen duzu. Ez duzu pentsatu ere egiten, zuk lorik hartu ezinik zabiltzan bitartean, gizakiek zezenketarako edo herriko festetarako zezentzat katalogatu zaituztela dagoeneko. Patu bakoitzaren ondorioak neurtu ahal izango bazenitu ez litzaizuke erraza izango zeure akabera aukeratzea bi estatus horietako batetan oinarrituta.

* Astelehenean jarraituko du

Erredakioak itzulia

Kepa Tamames