Ttakunek begirale izateko ikastaroa antolatu da Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2008ko irailaren 12a

Ttakun kultur elkarteak Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz begirale ikastaroa antolatu du herrian.
Urtxintxa Aisialdiko Hezitzaileen Eskolako irakasleek eskainiko duten ikastaroa, teoriako 200 ordu eta praktikako 120 orduz osatzen da.
Pili Bermejo Ttakuneko aisiako arduradunak adierazi digunaren arabera, “ordu praktikoak Ttakunen burutzekoa aukera izango dute ikastaroko ikasleek. Hauen ostean, memoria aurkeztu beharko dute eta ikastaroa bukatzen dutenek Eusko Jaurlaritzaren titulu ofiziala eskuratuko dute”.

Saioak larunbatetan
"Saio guztiak larunbatetan izango dira, goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 15:30etan 19:30etara. Honela, urriatik maiatzerako iraupena izango du ikastaroak", esan digu Pili Bermejok.
440 eurokoa da ikastaroaren balioa, hala ere, Lasarte-Oriako herritarrek %9ko beherapena izango dutela aipatu digu ikastaroaren arduradunak.

Izena ematea
Honetaz gain, ikastaroan izena emateko baldintza bakarra 18 urte beteak edo ikastaroan zehar betetzea dela aipatu du, baita ikasle kopurua mugatua izango dela ere, 30 ikasle gehienez.
Ikastaroaren izena ematea Ttakuneko bulegoan egingo da eta aurkeztu beharreko agiriak NANren fotokopia, ordainagiria eta argazkia dira. Epea irailaren 19an bukatzen da.
Ikastaroari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, Ttakuneko bulegora gerturatu, 943 371 448 telefono zenbakira hots egin edo aisia@ttakun.com helbidera mezua bidaltzea besterik ez daukazue.•