“Athletic-era etortzea zen neukan aukerarik interesgarriena”

helena-ferreras 2008ko ira. 15a, 02:00

Haritz Borda Lasarte-Oriako futbolariak hiru aste daramatza Athletic-eko bigarren taldearekin entrenatzen. Beraz Real-eko bigarren taldetik Athletic-eko bigarren taldera pasatu da, beti ere lehen taldean jokatzea gogoan. Atzelariak Real Union Irungo taldean jokatu zuen iaz, udaran proba bat egin du Inglaterrako bigarren mailako talde batekin baina azkenean, Bilborako bidea hartu du. Denboraldi hasierako entrenamenduen artean tarte bat hartu eta erabakiaren berri eman digu.

Haritz Borda Etxezarreta lasarte-oriarrak bizitza erdia darama futbolari lotua. Errealekoa izan da orain artean, eta 23 urterekin Athletic-eko bigarren taldeko atzelari lanetan jardungo da denboraldi honetan.
Nolatan Atlhetic-en? Eta noiztik?
Duela hiru astetik nago hemen. Errealarekin neukan kontratua, baina iaztik Real Union taldean ari nintzen jokatzen utzita. Beste urte bete gehiagorako neukan kontratua, baina libre geratzea lortu dut eta hemen nago. Hau iruditu zait aukerarik interesgarriena.
Gipuzkoarra izanda, eta seguraski betidanik Realekoa, nola ikusten duzu zure burua Atlhetic-en?
Besteak bezalako taldea da, arrunta, iaz ere Real Union taldean egon nintzen. Ni hemen gustora nago eta oso ondo.
Dagoeneko hiru aste daramazu hor, txantxarik ez al dizute egiten Realekoa zarelako? Zer moduzko harremana duzu beste jokalariekin?
Harremana ona da, "giputxi" eta horrelakoak esaten dizkigute, baina ondo, oso ondo. Beste gipuzkoar bat ere badago hemen, hernaniar bat, Gorka Kijera.
Bertan bizi zara? Eta futbolaz gain, besterik egiten duzu, lan edo ikasi?
Bai, Bilbon bizi naiz eta oraingoz futbolean aritzen naiz bakarrik.
Zer moduz Kike Liñero entrenatzailearekin?
Ondo, oraingoz ez dut batere arazorik izan.
Aurten tokatuko zaizu Realaren aurka jokatzea, nolako partidua izango da zuretzat?
Han lagunak dauzkat eta horrexegatik partida berezia izango da, denbora askoan ibili bainaiz lagun horiekin jokatzen.
Kamiseta txuri urdina ikustean ez al zara nahastuko eta baloia behar ez den bati pasa?
Ez, ez dut uste.
Udan Ingalaterran egon zarela badakit, zertan egon zara eta zer moduz?
Proga bat egitera joatea nahi zuten, Lancasterrera. Hemengo bigarren maila izango balitz bezala da. Han hilabete lehenago hasten dute denboraldia eta justu samar joan nintzen, baina esperientzia polita izan da.
Aukerarik izan al duzu han geratzeko?
Bai, posibilitaterik bazegoen baina Manchester City-ko zentral bat fitxatzea lortu zutela esan zidaten eta postua ni eta beste baten horren artean zegoela.
San Mamesen jokatzeko aukerarik izan duzu dagoeneko?
Ez, oraindik ez.
Ez dituzu bertako zaleak ezagutzen beraz?
Derby batean egonda nago baina ikusle moduan.
Noiz hasi zinen futbolean?
Haur guztiak bezala parke batean hasi nintzen baloi baten atzetik korrika. Nik betidanik Donostian ikasi izan dut eta Lasarten soilik, alebin izan baino lehenago torneoak jokatu nituen Peña Bidea taldearekin. Gero Lizeo Santo Tomasen ikasi dudanez hango taldean jokatu nuen. Proba bat egitera joan ginen ikastolako guztiak Zubietara, hartu egin ninduten eta handik aurrera hamar, hamaika urte eman ditut Zubietan.
Serioago noiz hasi zinen ba Realean?
Txikitatik, hamaika hamabi urte nituenean hasi nintzen.
Orduan kategoria ia guztiak pasa dituzu?
Bai horrela da.
Zer moduzko esperientzia izan da?
Ona, oroitzapen onak dauzkat. Bukaera izan da pixka bat aldrebesa. Baina gertatzen diren gauzak dira. •