Helduen aisialdia euskaraz

helena-ferreras 2008ko irailaren 15a

Euskaraz espazio berriak sortu eta bide batez helduei aisialdirako euskarazko ekintzak eskaintzeko asmoarekin Ttakun eta elkarte desberdinak lanean ari dira. Helduentzako ekintzak badaude baina ez euskara hutsean, horregatik hainbat proposamen eraman zituzten elkarte desberdientako arduradunek ostiralean ospatu zen prentsaurrekora. Horiek eta gehiago dira egin ahal izango diren iharduerak, herritarren hitza kontuan hartuko da eta ahal izanez gero beraiek proposaturiko ikastaroak ere aurrera eramaten saiatuko dira.

Ostiralean Jalgi tabernan prentsaurrekoa eman zuten Maider Oiartzabalek, Joxe Kruz Labakak, Iñigo Bobillok, Joxe Mari Agirretxek, Kontxu Iartzak eta Mailu Arrutik aurtengo helduei zuzendutako euskarazko iharduerak aurkezteko. Bakoitza elkarte baten izenean joan zen haien jarduera zertan datzan azaltzera. Antzerki eskola, dantza garaikidea, Xumela korua, bertsolaritza, batukada eta Oinatz taldearekin irteera kulturalak dira hasteko proposatzen diren ekintzak. Hauetaz gain gauza gehiago antolatzeko aukera dago baina parte hartzaileen ideiak hartu nahi dira kontuan horretarako. Helburu nagusia, euskarak arlo honetan daukan hutsunea betetzea da herriko jendeak aisialdia euskaraz egiteko aukera izan dezan.
Helduek denbora librean egiteko jardueren eskaintza egon, badago, aerobika, yoga, pilatesa eta horrelakoak baina ekintza erdaldunak izaten dira hauek. Aisialdia euskaraz egiteko aukera gutxi dago eta oraindik gutxiago helduen kasuan. Hau dela eta euskaraz bizi nahi duen jendearentzat euskara hutsezko jarduerak eskaini nahi dira Lasarte-Orian behar hori asetzeko asmoarekin.
Irailean, jendea ikasturte berrirako planak egiten hasten da, horregatik orain da gai hau plazaratzeko garaia. Helduen aisialdirako euskaraz zein eskaintza dauden azaldu zuten. Erakunde desberdinetako jendea beraz Jalgin bildu zena denak interes eta ezaugarri berdinekin: helduak dira, kultura jarduerak egiten dituzte, denbora librean aritzen dira eta euskaldunak dira.
Euskaldunak dira beste herritar asko bezala, euskaraz normaltasunez bizi nahi dute eta horregatik bizitzako esparru guztietan hala egiteko eskubidea dute, familian, lantokian, lagun artean eta noski aisialdian ere bai. Horretarako aukera egon dadin lanean aritu da Ttakun elkartea, batzuetan bakarrik eta besteetan elkarte desberdinekin batera. Ahalegina egin eta gero, taloen inguruko ikastaroa egin zen Santo Tomasetarako egiten dituzten emakume taldearekin, makillaje ikastaroa antzerki taldekoekin, gidoigintza parodiari begira, batukada eta larrain dantza San Pedroetarako.
Aurtengorako, ideiak oraindik ez daude guztiz zehaztuta, baina ordezkari bakoitzak beren taldeetan egiten diren ekintzak azaldu zituzten nahi duenak parte hartu dezan.

Aukera zabala
Maider Oiartzabalek dantza ikastaroaren inguruko azalpenak eman zituen. Asteazken arratsaldean eta ostegun goizetan izaten dira klaseak Kulturetxean eta Maiderrek aipatu zuenez ez da dantza maila altua edo gorputz berezirik eduki behar. Gogoa, ilusioa eta dantzari buruz zertxobait gehiago ikasteko nahia baizik. Hitz egiterako orduan ez da euskara maila altua behar, bai ordea ulermenekoa, animatzen den orok izena eman dezake.
Helduen antzerki eskolak dagoeneko sei urte daramatza martxan emaitza geroz eta hobeak lortuz. Kontxuk azaldu zuen nola hasieran mimo eta clown-ekin hasi ziren eta gaur testuak interpretatzeaz gain sortu ere egiten dituzte. Hauek astelehenetan arratsaldez eta astearteetan goizez biltzen dira baina jendea animatzen bada talde berri ere sortu daiteke hasi berrientzat.
Joxe Kruzek bertso eskolan egiten dutena azaldu zuen, jende aurrean hitz egiteko zenbat balio duen horrelako gauzak egitea esan zuen. Dozena bat lagun inguru elkartzen dira ostegun arratsaldetan baina horretaz gain askotan biltzen dira afaltzeko ere. Adin guztietako jendea dago, gaztetxoak, jubilatuak eta erdibidekoak horregatik sortzen da hain giro atsegin eta polita. Egia da horrelako jarduera batean ezin dela edonor sartu baina gutxi dakitenekin oinarrizko gauzak ikasteko talde bat eratu daiteke.
Xumela koruak ere euskaraz funtzionatzen du Joxe Marik ondo esan zuen bezala. Astelehenero biltzen dira euskaraz kantatu eta ondo pasatzeko adin tarte desberdineko jende artean. Hemen parte hartzeko ere ez da behar abeslari profesionala izatea Joxe Marik esan zuen bezala erretzaileak eta txikitan eskolako korutik bota zuten jendea Xumelan sartu daiteke.
Iñigo Bobillok batukadaren nondik norakoak azaldu zizkigun. Askok eta askok kalean ikusiko zenituzten San Pedroetan eta profesionalak ziruditen arren ikasketarik gabe egiten dute musika. Gutxi dira oraindik bakarrik ateratzeko horregatik elkartzen dira gaztetxoekin. Hauek ostiral arratsaldeetan edo larunbat goizetan elkartzen dira ensaiatzeko.
Iñigok bukatutakoan Ttakuneko Mailuk hartu zuen mikrofonoa eta Oinatzek egiten dituen irteerak kontatu zituen. Asteburuetan kultura aldetik mamitsuak diren txangoak antolatzen dituzte, adibidez hil honetako 21ean Markina-Xemeinera joango dira eta ez da edonolakoa izango.
Horrela euskarazko espazioak sortuko dira, alde batetik premia hori dutenentzat eta bestetik euskara ikasten hasi eta utzi duten horientzat, edo hitz egitean trakets dabilenarentzat hitz egiteko ohitura hartu dezan. Jarduera hauetan ibiliko den jendea euskalduna izango da eta prest egongo da behar duenari laguntza emateko.
Aipatutako jardueretan parte hartu nahi izanez gero Ttakun Kultur Elkartean izango duzu behar duzun informazioa eta apuntatzeko aukera. Gainera, bertan aipatu ez den baina gustuko duzun zerbait egin nahi izanez gero animatu kontatzera. Azken finean, talde hauen filosofia elkarlana da, guztion artean euskarazko guneak sortzea alegia.•