Asteburu osoan zehar ospatu dira urtero moduan Guadalupeko Ama Birjinaren jaiak. Ostiralean 21:00etan, festari hasiera emateko, banderaren igoera egin zuten Extremadurako himnoarekin batera eta horrela asteburu osorako prestatuta zeuden jarduerei ere hasiera eman. Ondoren afari herrikoia ospatu zen Extremadurako etxean eta menua, nola ez, Extremadurako kaldereta goxoa.
Larunbata umeen eguna izan zen, ekintza desberdinak egon baitziren haiei zuzenduak hala nola, marrazki txapelketa edo eta haur-jolasak. Extremadura gaiarekin marrazki ugari egin zituzten 7 urtetik 14 urte bitarteko umeek. Eguraldiak ez bazuen asko lagundu ere 200 haur inguru hurbildu ziren.
Bazkaldu eta gero Mus txapelketan aritu ziren batzuk lasai-lasai jandakoa ondo pausatzeko eta 18:00etan Ermuako "Flor de Tomillo" kultur taldearen koru eta dantza ekitaldia hasi zen berriro ere gorputza martxan jartzeko.
Gau partean afaria egin zuten bazkideek gonbidatuekin. Bertara herriko agintariak ere gerturatu ziren eta bukatzean 25 urte baino gehiago Extremadurako etxean bazkide daramaten Fernando Arnaiz-i eta Antoni Lopez-i plaka bana eman zieten oroigarri moduan.
Gauerdi partean jaialdia ospatu zuten Uzturre plazan "Agirren Anaiak" taldearekin, hauekin batera urteroko dantza txapelketa ospatzeko. Gorputza nekatu eta kirol pixka bat egin eta gero etxeko andreek egindako "migak" banatu zituzten gaua zapore onarekin bukatzeko eta horrela gehiegi dantzatu zutenek indarra berreskuratzeko.
Igandeko eguna 12:30ean hasi zen Extremadurako Etxekoeentzat, bertan, Guadalupeko Ama Birjinaren ohorezko meza ospatu zuten Oreretako "Monfragüe" koru taldeak lagunduta. Ondoren, berriro ere, herri bazkarian elkartu ziren "cocido extremeñoa" jateko eta bukatutakoan tute txapelketa.
Arratsaldean, emakumeentzako bolo txapelketa egin zuten eta bukatutakoan asteburuan egindako joko ezberdinen irabazleei sariak banatu zizkieten elkartean bertan.
Jai giroan ospatutako asteburuari amaiera emateko 19:30ean banderaren jaitsiera egin zuten horrela datorren urtera arte agur esan zioten Guadalupeko Ama Birjinari. •