“Arnasa hartzean aurrera begiratzea oso garrantzitsua da orientaziorako”

Nerea Eizagirre 2008ko irailaren 15a

Kontxako Badiako proba larunbatean jokatu zen. Ez izutu, ez goaz eta arraunketari buruz hitz egitera, distantzia luze edo ur irekietako igeriketari buruz baizik. Izan ere, larunbateko lehiaketan lasarteoriar bat izan genuen, Miren Bardaji; Amaia Amiano ere joatekoa zen, baina gaixotu eta etxean geratu behar izan zuen. Baina, zer da distantzia luze edo ur irekietako igeriketa eta zein desberdintasun ditu igerilekuko igeriketarekin? Hernaniko Igeriketa taldeko entrenatzaile den, Borja Apeztegia eta Miren Bardaji eta Amaia Amiano igerilariekin hitz egin dugu kirol honen nondik norakoak jakin eta lasarteoriarrek egin duten denboraldiaren berri izateko.

Nola du izena ur irekietako denboraldiak?
Distantzia luzeko VIII. Gipuzkoako Txapelketa 2008 da eta hainbat probak osatzen dute, hala nola, Getaria Zarautz trabesia, Donostian Kontxakoa, etab.

Igeriketaren antzera mailak egongo dira, ezta?
Infantil mailatik gorako mailak daude. Baina igeriketan ez bezala, hemen adin tarte gehiago dago, 21 urte azpikoak, 18 urte azpikoak, etab.

Zertan datza proba bakoitzak?
2500 eta 3000 metro arteko probak dira. Iraupenari dagokionez, 35 edo 40 minutu iraupena dute, itsasoa eta mailaren arabera. Batzuetan eseak egiten badituzte gehiago irauten du.

Gipuzkoako txapelketa izanik, partehartzaileak gipuzkoarrak al dira soilik?
Proba irekiak dira, beraz, federatua dagoen orok parte hartu dezake, hemengoak zein Estatukoak. Gehienak igeriketa taldeetakoak dira, baina badago horretan espresuki jarduten direnak ere.
Itsas gorak eta itsas beherak kontuan izan behar dira?
Berez marea ez da kontuan izaten, baina olatuak kontuan izan behar dira, hauen indarrarekin jokatu behar baita batzuetan.
Noiztik itsasoko probak prestatzen?
Igerilekuko igeriketako denboraldia luzea da, 9 edo 10 hilabete, Espainiako txapelketara iristen bazara. Baina ez dira guztiak hainbestera iristen eta denboraldi bukaerarekin batera ur irekikoa hasten da. Honela, Getariakoa proba burua deskonektatzeko erabiltzen dugu, baita beste igeriketa modu bat egiteko ere. Igerilekuko denboraldiak asko kargatzen ditu eta ez diegu emaitza onik eskatzen. Honi esker igerilekuko txipa aldatzea da nahi duguna.

Itsaso eta igerilekuko desberdintasunak zeintzuk dira?
Igeriketa teknika desberdina da, besokaden forma, arnasketa eta besoen euskarria aurrera begiratzeko erabiltzen da, orientazioa ur irekietan oso garrantzitsua baita. Aurrera begiratuz ez dira eseak egiten eta 3000 metro baino gehiago egitea saihesten duzu. Hala ere, gure igerilariek ur irekietan igerilekuko teknika erabiltzen dute.

Itsasoko igerilariaren ezaugarriak zeintzuk dira?
Biotipoa edo fisikoki berdina da. Ur irekietan dabiltzanak, gazteetan igerilekuan ibili izan dira. Esan bezala teknika da aldatzen den bakarra.

Prestaketa berezia behar da?
Hortara jardun nahiez gero, bai, izan ere, distantzia luzeagoak dira. Igerilekuan luzeena 1500 metro dira, itsasoan, aldiz, 3000, 5000 metro edo 25 km. Beraz entrenamendua desberdina da, luzeera eta iraupena abiadura baino gehiago lantzen da.

Itsasoan entrenatzea ezinbestekoa izan beharko du?
Mirenek eta Amaiak ez dute itsasoan entrenatzen, baina triatloikoek bai, hori baita bere igerilekua. Era honetara bere teknika lantzen dute.

Neoprenoa edo bainujantzia erabiltzen da?
Bainujantzia, neoprenoa ez dago onartua. Honek flotagarritasuna handitzen du, ur gainetik zoaz eta azkarrago. Honela, igerilekuko bainujantzi berak erabiltzen dira horiek dira arautu eta onartuak daudenak.

Larunbata honetan Kontxako Badiako LXV. Igerialdian parte hartu duzue? Nola ikusi dituzu lasarteoriatarrak?
Hernaniko taldeko 10 igerilarik parte hartu dute. Lasarteoriatarrak oporretan egon dira eta ez dute entrenamendurik egin, helmugara iristearekin lan txukuna egin dutela esango nuke.

Eta nolako denboraldia egin dute?
Getaria Zarautz trabesia igerilekuko denboraldi bukaerarekin bat egiten du eta orduan txukun ibili ziren, Mirenek 7. egin zuen. Kontxako badiara Miren bakarrik joan da azkenean eta eguraldi txarrarekin ez da oso ondo ibili.

Hurrengo denboraldietan jarraituko al du taldeak ur irekietan?
Bai, noski. Getaria Zarautz trabesia egitea ohitura da dagoeneko gure taldean. Baina bakoitzak ikusiko du nora egiten duen.

Honela itsasoko denboraldia bukatu da eta orain igerilekukoa prestatzera, ezta?
Bai, aste honetan hasiko gara. Denboraldia poliki poliki hasten dugu, fondoa hartzeko helburuarekin. Txapelktei dagokionez, aurrerago ikusi beharko.•