Lasarte-Oriak onartua baino dezibelio gehiago jasaten du

Txintxarri Aldizkaria 2008ko irailaren 15a

Lasarte-Oriako biztanleek herritik pasatzen den N-1 errepideak eragiten duen 70 eta 74 dezibelio arteko zarata jasaten dute. Gipuzkoako herri zaratatsuena dela adierazi dute udaletik. Hau dela eta, Iñaki Mujika alkateordeak jakitera eman duenez, Udalak Gipuzkoako errepideen zarata mapari alegazio idatzi bat aurkeztu dio. Iñaki Mujikaren hitzetan, "gaur egun, jasaten diren zarata mailak murrizteko neurriak hartu daitezen nahi du Udalak".

Lasarte-Oriako biztanleek Munduko Osasun Elkarteak onartzen dituen dezibelio kopurua baino askoz ere gehiago jasaten du. Osasun Elkarteak egunez gehienez 55 dezibelio aholkatzen ditu. Lasarteoriatarrek, berriz, 70 eta 74 dezibelio jasaten dute eta N-1 errepidea gertuago duten etxeek 75 dezibeliotik gorako zarata jasaten dute behin eta berriro. Iñaki Mujikaren iritziz "egoera jasanezina da" eta errepideak eragiten duen zarata zuzentzeko neurriak eskatzen ditu lehenbailehen.
Alkateordeak aldundian aurkeztutako idatzian azaltzen duenez, "errepidearen eraginpean dauden leku gehienak N-1 errepidea egin baino lehenago urbanizatutakoak dira eta zarata zuzentzeko neurriak hartzeko garaian, kontuan hartu beharko litzateke". Udalaren ustez Aldundiak Ekintza Plan bat egin beharko luke Lasarte-Oriako biztanleek jasaten duten egoera konpontzeko. "Plan horrek egoera hori jasaten ari den biztanlegoaren kopurua gutxitu beharko luke, beraz, eraginpean dagoen azalera gutxitu eta errepide inguruan dagoen kalitate akustikoa hobetu beharko luke".

Neurriak behar dira
2005-2016 urte aldirako Euskadiko Errepideen Bigarren Planaren Berrikusketaren Aurrerapenari iradokizun-idatzi bat aurkeztu zuen Udalak, uda aurretik. Errepide Plangintza berri horren aurrerapenean Donostiako Bigarren Ingurabidea eta N-1 errepidearen birmoldaketa, Oriako gasolindegiaren parean, jasotzen dira. Lasarte-Oria Ingurumen Hobekuntza egitasmoan sartu den arren, Udala kritiko azaltzen da aurkeztutako idatzian. “Zarata zuzentzeko beharra jasota badago ere, neurriak ez dira esplizituki jarri Ingurumen-Inpaktuko Ebaluazio Bateratuan, ez dute aplikazio egutegi bat Planaren barne (2005-2016) eta, horretara zuzendutako aurrekontua ez da nahikoa Planaren beraren ingurumen helburuak betetzeko".
N-1 errepidea Lasarte-Oria erdi erditik pasatzeak buruhauste eta arazo ugari eragiten ditu. Oro har, Udaleko talde politiko guztiak bat egiten dute horretan, baina irtenbidea ez da erraza. Ana Urchuegiak, Oria ezkerraldean eta Zubieta inguruan saihesbide, errepide eta lotura berriak egitea proposatzen duen bitartean, Udaleko ezker abertzaleko ordezkariek ohiko bilkura batean N-1 urrazpitik bideratzea proposatu zuten. Horrela, “herria ez litzateke bitan banatuta izango eta espazio handia irabaziko litzateke herrian, atsedenleku, pasealeku, aparkaleku, espazio berde edo beste edozerentzat”. Baina, alkateak irtenbide hori oso garestia izango litzatekeela gogoratu zion berriz ere Goikoetxea zinegotziari.•