Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
ostiraleko zenbakitik dator
... Goiz fresko batean, hodeiertzera begiratu eta mugitzen den kubo handi bat ikusten duzunean, egun hura ahaztu duzu dagoeneko. Gutxienez lau urte igaro dira orduz geroztik eta hori zezen batentzat denbora asko da. Ez duzu sumatu ere egiten hori izango dela zeure giroa ikusi eta usaintzen duzun azken eguna izango dela. Atzean geldituko da betirako artea eta ezkai edo tomillozko paisaia. Ibilgailuaren triki-traka jasangaitza da. Atsedenik gabe, mugitu edo pixka batean deskantsatzeko etzan ahal izan gabe. Zezena zara, ez duzu denbora neurtzeko ahalmenik (zertarako eduki halako gaitasunik?), baina kolpe, gonbito, zorabio eta larritasunez beteriko bederatzi ordu izan dira. Zezenketaren egunaz geroztik ez zenuen halako gauza ezatseginik sentitu. Aldapatxotik jaisten zara hogei kilo gutxiagorekin koloka eta mesfidati. Ez dakizu zeure kideetako bat duela bi aste bidean hil zela ataskua zegoela eta. Egun pare bat gehiago eta berriz ere zezentoki beldurgarrira, ziztatzen duten makilak eta joan etorriak hara eta hona... Ia ahaztuta zegoen egun hartako ziztada bezalako beste bat eta dagoen irteera bakarra inguru borobil, zalapartatsu, itogarri eta pixka bat ezaguna den toki hartarakoa da. Berriro ere itxura gaiztoko zaldi gaineko tipoa egiteko berberarekin, baina oraingoan era ankerragoan eta oraindik ere luzeagoan. Zezen jaioz gero gizakiaren besoaren tamainako burdinazko ziria sartzen dizute bizkarretik. Sartu eta atera egiten dute ziria zauria handitu dadin. Behin barruan dagoela, tresna madarikatua bere buruaren inguruan biratzen dute zauria barrutik arraspatzeko, horretarako propio ziria sokaz inguratuta dago. Zezen jaioz gero ergela zara eta zaldia bultzatuta torturatik ihes egingo duzula pentsatzen duzu. Dagoeneko, ez dakizu ihes egiteko aukerarik ez duzula. Taxugabeko itxura argitsu bat korrika gerturatu eta behin eta berriz eztenak sartzen dizkizu izugarrizko mina sortaraziz. Hauek kentzen saiatuz gogor astintzen duzu burua, baina muskuluak urratzea besterik ez duzu lortzen. Galdu duzun odola dela eta bista lausotu zaizu eta ez duzu ohiko bihotzeko erritmoa berreskuratu. Egarriak eztarria erretzen dizu, eta arte azpiko putzuko urean pentsatzeak ezinegona zailagoa egiten du oraindik. Ez dago etenik. Dudarik gabe hau aurrekoa baino okerragoa da. Etengabeko oihuen erruz ez dago atsedenerako betarik. Zezen jaioz gero, tipo distiratsua aurrean jartzen zaizu eta bat-batean sablea eskuan duela biriketan sartzen dizu. Batzuetan bihotza ere bai. Momentu hau bereziki mingarria da, oxigeno poltsa lehertu baitizute eta itotzen hasten zara. Ahotik, lerde eta mukiekin batera odol jario izugarria ateratzen zaizu. Zezen jaioz gero puta ideiarik ez duzu zein barregarria den azkenean zeure artadira, zeure putzura, zeureekin bueltatzen utziko dizutela pentsatzea. Lurrean mugitu ezinik zaudela okerrena susmatzen hasten zara, belarriak mozten dizkizutela sentitzen duzu burutik banatzen dizkizuten arte. Batzuetan, ezparak eta eltxoak uxatzeko hain baliagarria izan zaizun isatsak zorte berdina izaten du. Larrutegira iritsi baino lehen hil besterik ez duzu nahi, baina batzuetan patua hain krudela da hau ez dela gertatzen. Ez duzu inoiz jakingo zuk eta beste bost kidek jasan duzuen estira, aitzakia propagandistikoa izan dela terrorismoa, genero indarkeria edo gerraren aurka dirua biltzeko.