Hiribusa proban, irailaren 22tik 26ra

jon-altuna 2008ko irailaren 15a

Mugikortasun iraunkorraren astea burutuko da Lasarte-Orian Europako beste hainbat tokitan bezala irailaren 19tik 26ra bitartean, eta berrikuntza nagusiak bi dira: batetik astebetez herriko kale eta auzoetan hiribusa ibiliko da eta bestetik, txirringen bigarren eskuko merkatua jarriko da, Ricardo Ortega Ingurumeneko Udal Departamenduko buruak ostegunean asteko ekitaldien berri ematerakoan adierazi zuenez.
Hiribusaren eta merkatu txikiarekin batera, aurreko urteetan bezala, eraginkorki gidatzeko ikastaroa, hau da, autoa erabiltzerakoan gutxiago kutsatzeko eta erregaia aurreratzeko gomedioak, Azkortera bizikleta irteera, bizikletarekin trebetasun proba eta jokuak umeetzat eta autorik gabeko eguna dira besteak beste, irailaren 19tik 26ra bitartean Lasarte-Orian burutuko diren iharduerak.
Ostegun goizean prentsaurrean aurkeztu zuten egitaraua, Ricardo Ortega EB-Berdeak taldeko zinegotziak, Mikel Urruzola antolaketan lagundu duen Artelatz-eko partaideak eta Santiago Sarasola Donosti-Tolosaldea autobus Zerbitzuko ordezkariak. Ortegak nabarmendu zuen helburua herritarren gogoeta bultzatzea dela, hau da konturatu dadila garraio pribatuaren erabilerak eta ditugun ohiturek osasunean eta ingurumenean duten eragina. "Honetaz pentsaraztea da egitarauaren helburua" esan zuen eta parte hartzeko gonbidapena luzatu. 6.500 eskuorri banatuko dira herritarrei guztiaren berri emateko.
Ahal diren joan etorri gehienak oinez egiteko, garraiobide bezala bizikleta ibiltzeko eta garraio publikoak erabiltzeko gomendatzen du Lasarte-Oriako Udalak. Autoa partekatzeari bultzada ere eman nahi dio eta Udaleko web orrialdearen bitartez autoa partekatzen laguntzen du, hau da, (www.lasarte-Oria.compartir.org) lanera, ikastera,... autoz joan-etorria egin eta beste norbaitekin bidaia egin nahi duten herritarrak harremaneta jartzeko topagunea da. Guzti honi buruzko iritzi, iradokizun eta proposamenak jasotzeko buzoi berdeak daude Udaletxe Sarreran, Kultur Etxean, Kiroldegian eta Jubilatuen Egoitzan edo Ingurumeneko departamentura bidali daitezke.
Hiribusa izango da Asteko protagonista. Irailaren 22tik 26ra ibiliko da astelehenetik ostiralera, goizeko 7.30etatik 20:30etara orduerdiro Antxisutik aterata. Doako zerbitzua eskainiko du eta besteak beste, Oria, Basaundi, Zabaleta, Goiegi eta Mitxelingo kirolgunean izango ditu paradak. Arranbide eta Bista Ederretik puntuetan pasako da norbaitek 605 713 512 telefonora deitu eta eskatzen badu.
Bigarren eskuko bizikleten merkatu txikia 19an ostiralez egingo da arratsaldeko 4etatik 7.30etara Okendon. Bizikletak eta osagarriak saldu eta trukatzeko aukera izango da. Nahi izanez gero aurretik utzi daiteke materiala 943 670 249 telefonora deituta. Egun berean egingo dira bizikleta ibilaldia eta jolasak Okendo inguruan.
22an, autorik gabeko egunean Kale Nagusiako parte bat itxita egongo da autoentzat. •