Asteartean, hilaren 16ean Lasarte-Oriako Stocken Feriaren aurkezpena egin zen udaletxeko batzar aretoan. Bertan, Ricardo Ortega Merkataritza Saileko burua, Merkataritzari Laguntza Teknikoa emateko Kabineteko (MLTK) arduraduna den Gorka Goikoetxea eta Aterpeako ordezkariak egon ziren azokan zertan datzan azaltzeko.
Merkataritzako Mahaietik sortutako ideia izan dela azaldu zuten, Aterpea, eta MLTKrekin batera Udalak lagunduko duen ekintza bat. Batez ere Gorka Goikoetxearen lana azpimarratu zuen Ricardo Ortegak antolaketa orokorrean denen arteko elkarlana izan den arren. Udalak instalazioak jarrita eta diruz lagunduko du Stockaren azoka honetan. Honekin Lasarte-Oriako merkataritza bultzatzea eta udalerriaren irudia inguruetan proiektatzea lortu nahi da. Aukera bikaina izango da bai kontsumitzaileentazt eta baita merkatarientzat. Kalitate bikaineko produktuak eskuratu ahal izango dira prezio merkean, arropak, oinetakoak, lurrindegietako gauzak, tresna elektrikoak eta abar.
Parte hartzaile gehienak herrikoak izango dira baina Hernaniko hiru eta Tudelako beste bat ere han izango dira. Herritik pixka bat haratago ireki da horrela eskaintza interesgariagoa eta zabalagoa izan dadin.
Azoka hau beste herri batzuetan ospatu izan da eta urtetik urtera emitza hobeak lortu dira. Arrakastatsuak suertatzen dira horrelako azokak. Antolatzaileek ez zekiten zer nolako erantzuna egongo zen parte hartzaileen aldetik eta 22 izan zen hasieratik muga moduan jarritako izen emate kopurua. Zerrenda betetzea lortu dute eta pozik agertu dira antolatzaileeak azokaren prebisioei begira.
Azoka irailaren 21ean ospatuko da Michelingo tenis-pistetako kirol-barrutian eta erakustokien gain haurrentzako gaztelu puzgarriak eta jolasak egongo dira. Egun osoan musikaz girotuko da azoka, goizeko 10etatik gau parteko 21:00ak arte. Sartu ahal izateko euro bateko sarrera ordaindu beharko da baina txartelak Zumaiako bainuetxean tratamendua egiteko bi sarrera bikoitzen zozketan parte hartzeko balio izango du.•