“Unaxen lanarekin oso gustura agertu zen Roberto Caston pelikulako zuzendaria”

Nerea Eizagirre 2008ko irailaren 19a

Homosexualitatea euskaraz jorratzen duen lehenengo filma dugu Ander. Berdindu gay, lesbianen eta transexualen arretarako euskal zerbitzuak sustatuko pelikula da eta askok euskal Brokeback Mountain-a dela diote. Anderren 4 urteko lasarteoriatar batek papertxo bat dauka, Reme prostitutaren semea. Haurra Unax Martin dugu eta bere gurasoekin, Mitxel Martin eta Raquel Sanchez-ekin hitz egin dugu papera eta grabaketaren nondik norakoak jakiteko.

Zergatik bururatu zitzaizuen Unax Ander pelikularako aurkeztea?
Nire lankide batek administratibo lanak egiten ditu Donostiako agentzia artistiko batean eta laneko biri haurren argazkiak agentziara eramatera animatu gintuen, batzuetan arropa katalogoak etab. egiteko haurrak behar baitituzte.
Agentziara joan ginean, Unaxek urte eta erdi zituen. Bat batean ekainean Eusko Jaurlaritzak babestutako pelikula batetarako 4 urtetako haurra behar zela deitu ziguten, 4 ume aukeratu zituztela eta horietako bat Unax zela.
Honetaz gain, haurraren argazkiak eguneratu behar genituela ere esan ziguten. Argazkiak eguneratzea ez zen zaila, Donostira joan eta kitto, baina grabaketa bat ere egin zuten. Ostean Bilbora joateko esan ziguten.

Nolatan hautatu dute Unax bertan parte hartzeko?
Haur argala bilatzen zuten eta Unaxek baldintza hori betetzen du. Gainera, agentzian grabatutakoa zuzendariari bidali zioten, honi gustatu eta Bilbora joateko eskatu zigun. Filmazio ekipo osoa ezagutu genuen. Haurra ongi moldatu zen eta, honetaz gain, kimika egon zen haurra eta bere amaren papera egin behar zuen aktorearen artean. Honela, Unax hautatu zuten.
Hala ere, hasieran uko egitea pentsatu genuen. Lan gehiegi zen, nik ez dakit gidatzen eta Mitxel lanean hasten zen. Hara joateko arazoak izango genituen, alaba txikia etab. Baina arazorik izanez gero, haiek kotxea jarriko zigutela esan zuten. Asko pentsatu ostean, baietza eman genuen.
Hasieratik al zenekiten filmaren gaia zein zen?
Aukeratua izan ostean, azaldu zizkidaten argi eta garbi pelikularen nondik norakoak eta Unaxen papera.
Ez dakigu zergatia, agian nik ezetza esango nuelakoan zeuden, zeren eta pelikula Berdindu gay, lesbianen eta transexualen arretarako euskal zerbitzuak sustatutakoa da eta bertan prostituta baten semearen papera egiten baitu.

Non egin zen grabaketa?
Bizkaian egin da, Arratiako haraneko herrixka batean, Zeanurin eta hara joan behar izan ginen grabatzera.
Gainera, nahiz eta filmean baserri bakarra agertu, eszenak baserri desberdinetan egin ziren. Motel batean ere egon ginen.

Grabaketa noiz egin da?
Udaran izan da, ekainaren 26tik uztailaren 25era, hilabete. Baina haurrak 7 agerraldi ditu eta horiek bost egunetan grabatu ziren. Egun batzuetan eszena bakarra zuen, besteetan bi.

Bost egun horietan bertan egon zineten?
Ez, Unaxen grabaketa egunetan joaten ginen soilik. Hala ere, gau batean han geratu behar izan ginen lo egitera. Eszena gauez grabatu behar zen, errepideko motel batean eta ilundu arte itxaron behar izan genuen. Errepikapenak direla, ekipoa mugitu behar dela, etab. luzerako eman zuen grabaketak.

Zeintzuk dira bere agerraldiak?
Bi eszenatan baserriko sukaldean jaten agertzen da, batean bere amarekin eta bestean bikote protagonistarekin. Borrokaren eszena ere baserrian da. Eta besteak, motelean dira, bata sartzen bere "amaren" besoetan lo eta bestea lotan ohean.

Bere agerraldietan ez du hitzik esaten?
Ez. Ume bat agertzea nahi zuten, prostitutaren semea. Amak hitz egiten dio, baina Unaxek ez du erantzuten. Gainera, pelikulan ez du izenik, Remeren semea edo haurra da. Hala ere, antzeztu behar zuen, lo zegoela edo bazkaltzen ari zelaren itxura egin behar zuen.
Errepikapen asko egin behar izan zituen Unaxek?
Ez ziren asko izan bere erruagatik errepikatutako eszenak.
Esate baterako, bigarren egunean eszena zaila zegoen, borroka bat. Unax bere "amaren" besoetan zihoan eta bi gizon borrokatzen ziren, gezurretako odola eta guzti. Bera eta bere “ama” ere borrokan sartzen dira. Eta oso xelebrea izan zen, izan ere, borroka osteko elkarrizketa gizon eta amaren artekoa zen, ea ongi zeuden jakiteko, eta errepikapen batean Unaxek naturaltasunez baietz esan zuen. Ekipo guztia barrez hasi zen.
Honetaz gain, eszena bakoitza zazpi aldiz edo errepikatu behar da, batzuetan soinu ingeniariek pelikulaz kanpoko zerbait entzun dutelako, kotxea bat edo ondoko baserriko haurren ahotsak, bestetan norbaitek bere hitzak gaizki esan dituelako.
Unaxengatik gutxi batzuk izan ziren, nik gogoratzen dudala. Beste batean ni ispiluan ikusi eta amatxo hor dago esan zuen eta noski eszena errepikatu behar izan zen.

Hainbeste errepikapenekin ez al zen aspertzen?
Momentu batzuetan aspertu zela onartu behar dugu. Errepikapenak direla eta haurrak ordu bete edo egin behar zuen leku berean. Gainera, eszenak grabatzeko, dena leku batetik bestera eraman eta muntatu beharrak hutsarte asko egotea dakar. Orduan, animaliekin edo ekipoekin jolasten ginen.

Eta nola moldatu da Unax?
Haurra oso ongi moldatu zen, oso txintxo egin zuen esandako guztia.
Grabaketaren ostean, Robertok, zuzendariak haurraren lanarekin gustura zegoela esan zigun. Oso naturala zela kamara aurrean, haurrak kamerara ez zuela begiratzen eta hori oso ona zela. Kamara handia da eta deigarria da, are gehiago haur batentzat eta ez begiratzea zaila da.
Gainera, grabaketako haur bakarra zenez, pelikulako gehienak haurraren gainean zeuden jolastu edo zaintzeko.

Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia positiboa izan da. Unax ongi moldatu delako. Gainera, kuriosoa da filma nola grabatzen den ikustea. Hala ere, nik dibertigarriagoa zela uste nuen.

Noiz izango da Ander pelikularen estreinaldia?
Urtarrilaren 30ean da Bilbon. Eta gonbidatuko gintuztela esan zuten. Ahal badugu joango gara.

Eta etorkizunari begira, Unaxek beste pelikularik edo egingo al du?
Agentziko zuzendariarekin harreman handia egin dugu pelikulari esker eta beste lanik izanez gero, pelikula edo katalogoren bat, deituko zutela esan ziguten.•