Bizikleten festa eta merkatua Okendon

jon-altuna 2008ko irailaren 19a

Mugikortasun Iraunkorraren Astea burutuko da Lasarte-Orian gaur hasi eta hilaren 26ra bitartean. Gaur arratsaldean bizikleta izango da protagonista eta datorren astean kutsadura arintzeko proposamenak: batetik eraginkorki (gutxiago gastatuz eta kutsatuz) gidatzeko ikastaroa emango da eta bestetik hiribusa herriko kale eta auzoetan ibiliko da goiz eta arratsaldez. Proba bat izango da eta Udalak informazio baliagarria jaso nahi du gerora zerbitzu hau eskaintzeko aukera aztertzen denerako.

Europa osoan egiten dira garai honetan, mugikortasun iraunkorraren aldeko kanpainak. Lasarte-Orian herritarrak kontzientziatu eta gaiaren garrantziaz konturatu arazteko egitarau zabala antolatu du Udalak. Gaur bertan hasiko da: 16:00etatik aurrera Okendon egingo den erabilitako bizikleten merkatua eta festa egingo da eta bertan mugikortasun iraunkorrarekin lotutako ekimenen berri emango da: Hiru-busa, autoa partekatzeko modua, gidatzean gutxiago kutsatzeko aholkuak,...
Okendo inguruan txirringak izango dira ardatz arratsaldeko 16.00etatik aurrera. Batetik, ordu horretan abiatuko da txirrindularien tropela herrian joan-etorri bat egiteko. Taldeko bizikleta ibilaldi erosoa izango da eta dena den, luzera eta zailtasun ezberdineko bi ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek: 16:00etan abiatuko da txikien taldea ibilaldi laburra egiteko eta hori amaitzean egingo da ibilaldi luzea, 10 urtetik gorakoentzat, Azkorte aldera. Taldea elkarturik eramateko, antolatzaile bat joango da taldearen aurrean, beste bat atzean eta udaltzainen laguntza izango dute.

Azoka monografikoa
16.00etan hasiko da Bigarren Eskuko Bizikleten Merkatu Txikia ere. 19.30ak bitartean edonork izango du erabiltzen ez dituen bizikleta edo hauen osagarriak saldu edo trukatzeko aukera. Udalarekin batera antolaketaz arduratu den Artelatz Mikel Urruzono ordezkariak aurreko ostegunean Asteko programazioa aurkezterakoan esan zuenez lehen aldiz egin da honelako merkatu txiki monografikoa Lasarte-Orian. "Gainera mugikortasuna berrerabilerarekin lotuko dugu".
Azken finean mugikortasun iraunkorrarekin lotutako edozein objektu jarri daiteke merkatuan. Nahi duten guztiei izango da zabalik, eta bertan izateko aukera ez dutenek materiala utzi dezakete goizez 943 670 249 telefono zenbakira deituta. Gero arratsaldeko azken orduan jasoko dute salmentaren dirua ala saldu ez bada bizikleta Okendon bertan.
Eta merkatuarekin batera 17.00etatik aurrera bizikleta jolasak egingo dira, hau da, herritarrek txirringarekin duten trebetasuna neurtuko da Geltoki kalean 19.30 bitartean.
"Aire Garbia denontzat" da Astearen leloa eta helburua, aldiz "herritarrak kontzientziatzea eta gogoeta egitea egungo joerak, ohiturek eta garraio pribatuaren erabilerak osasunean eta ingurumenean daukan eraginaz. Honetaz pentsarazteko antolatu da Astea", adierazi zuen Ricardo Ortegak, Lasarte-Oriako Ingurumeneko, Kontsumoko, Merkataritzako eta Sanitateko departamentuaren arduradunak aurreko ostegunean Astearen aurkezpenean.

Buzoi berdeak
Ezker Batuko zinegotziaren ustez, "asteko protagonista" Hiribusa izango da. Proba moduan, zerbitzua datorren astean doan eskainiko da erdigune eta auzoak lotuz. Gainera erabiltzaileei euren behar eta nahien berri emateko aukera eskainiko zaie.
Mugikortasun iraunkorrari buruz iritzi, iradokizun eta proposamenak jasotzeko buzoi berdeak daude Udaletxe Sarreran, Kultur Etxean, Kiroldegian eta Zaharren Etxean edo Ingurumeneko departamentura bidali daitezke. Ortegak jendearen parte hartzea eskatu zuen prentsaurrekoan.
Datorren astelehena hilaren 22a izendatu dute autorik gabeko eguna eta trafikoa itxita egongo da Kale Nagusia, Ola kaleak bat egiten duen lekutik Tajamar-eko biribilguneraino. Gainera esan bezala astelehenetik aurrera Hiru-busa ibiliko da Lasarte-Oriako kaleetan eta bestalde, arratsaldean kultur etxean ikastaro bat eskainiko da autoa gidatzerakoan gutxiago erre eta kutsatu dezagun.

Bizikleta ibilaldia
Bizikletaren erabilerari bultzada emanaz, bizikletarekin egindako jolasen festa, azoka eta irteera antolatu dira gaurko. Bi ibilaldi egingo dira Okendotik taldean abiatuta.
Bederatzi urte arteko haurrentzat prestatu den ibilbidea Okendon hasi, kale nagusitik segi, Txartel pasa, gasolindegia baino lehen eskubira hartu eta ibai ertzetik itzuliko da Zumaburuko parkean barrena, elizaren atzekaldetik berriro kale nagusira eta Okendora.
10 urtetik gorako haurrentzat ibilbide luzeagoa prestatu dute antolatzaileek Azkorte aldera. Okendotik Kale Nagusira irten eta Udaletxe parean ezkerrera hartuko dute Beko kale guztia egiteko (kiroldegi aurreko bidea), Loidiko tunela zeharkatu eta Loidi kaletik igo Plazaolako bidegorrira sartzeko, Bidegorrian zehar Azkorteko bidearekin elkartu arte. Gero industrialderatz jaitsi, gasolindegia pasa bezain laster ezkerretarantz hartuz (eskailera mekanikoen parean), Zumaburuko parkea gurutzatu eta berriz Kale Nagusira eta Okendora itzultzeko. •