Ostadar Kirol Fundazioak eta Indartuz-ek sinatutako akordioarekin Lasarte-Oria Bai Kros Herrikoian parte hartzen duten korrikalariak aterako dira irabazten. Hitzarmenean jasotzen denez, datorren astelehenetik, hilaren 22a, aurrera korrikalariek lasterketa prestatzeko entrenamendu taula izango dute www.ostadarkf.org helbidean. Horretaz gain, korrikalariek beherapenak izango dituzte Indartuz-ek eskaintzen dituen fisioterapia zerbitzuetan.
Ostadarreko arduradunek positibotzat jo du Indartuz-ekin sinatutako akordioa. "Korrikalariei ahalik eta zerbitzu hobea ematea da gure helburuetako bat. Urtetik urtera gauza gehiago eskaintzen ahalegintzen gara, eta hitzarmen honekin uste dugu beste urrats bat emango dugula. Oraingo zerbitzuak gainera, atletismoarekin zerikusi zuzena du".
Borja Apeztegiak, Indartuz Prestakuntza Fisikoa zentroko kudeatzaileak, zerbitzuaren nondik norakoak azaldu ditu. Lehenik eta behin, argi utzi nahi izan du entrenamendu taularen helburua ez dela inoren errendimendu maila hobetzea. "Eskaini behar duguna ez da entrenamendu pertsonalizatu bat, krosa modu osasuntsuan egiteko oinarrizko entrenamenduak dira. Gure aholkuak jarraitzen dituztenek lasterketarekin disfrutatzeko aukera gehiago izango dute, lesioak izateko arriskuak murriztuz".
Entrenamendu taula astelehenean zintzilikatuko dute Ostadar Kirol Fundazioaren web orrialdean (www.ostadarkf.org). Sei asteko entrenamendu taula izango da. "Ahalik eta entrenamendu bariatuenak tartekatzen saiatu gara. Bertara jotzen duten korrikalariek denetarik aurkituko dute: korrika saio luzeak, korrika saio laburrak, errepikapenak, luzaketa ariketak, eta abar", aurreratu du Apeztegiak.
Honetaz gain, taularen erabilpenaren inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko indartuz@indartuz.com posta elektronikoa erabil daiteke eta ahal bezain laster www.indartuz.com web orriko "Foroa" atalean erantzunak ipiniko dira, zalantza berdinak izan ditzakeen edonork irakurri ahal izateko.
Beherapenak Indartuz-en zerbitzuetan
Hitzarmenaren arabera, Ostadarrek antolatzen duen krosean parte hartzen duten korrikalariek zenbait beherapen izango dituzte Indartuzek eskaintzen dituen zerbitzuetan. Lasterketan parte hartu duten korrikalari guztiek %20eko beherapena izango dute fisioterapia zerbitzuan. Horretarako, Indartuz-ek Blas de Lezo kaleko 2. zenbakian duen egoitzan ordua hartu behar dute (943 115914 telefono zenbakian ere eska daiteke) lasterketa amaitu eta ondorengo bi asteetan. Lasterketan izena eman dutela egiaztatzeko dortsala aurkeztu beharko dute.
Era berean, lasterketako lehenengo bi lasarteoriatarrek, gizonezkoen eta emakumezkoen mailan, eta lehenengo elbarrituak %25eko deskontua izango dute 6 hilabeteko prestakuntza fisikoan.
Deskontua erabiltzeko epea 2009ko abenduaren 31ean bukatzen da eta lehen sailkatuek ezezkoa ematen badute, deskontua bigarren postuan iritsi direnek baliatu ahal izango dute.•