Gazte ahazte lekua

Txintxarri 2008ko irailaren 19a

Kurtso berria, erronka berriak; kurtso berria herritar inozoak engainatzeko gezur berriak; iturria noski, betikoa: kortijoa kudeatzen duen "hay untamiento"a. (untamiento de untar).
Ostiraleko Txintxarriren azala ikustearekin batera agertu zait irribarrea ezpainetan: zer eta "gazteria saila" delakoa ikerketa egiten ari omen Lasarteko gazteon egoera zein den aztertze aldera. Kar, kar, irribarretik barrera eta barretik explikagaitz zaidan idazteko behar honetara. Izan ere, halako norabide "kurioso" bat hartua du "hay untamiento"ak azken urteotan herriko gazteei dagokienez, noraezean dabilen karramarroa irudiz. Izan ere, alternatibaren abanguardia harturik,"gazteria saila" delakoaren eskutik, "hay untamiento"ak gazteok pairatzen dugun balizko noraeza zuzentzeko hautua egin baitu alternatiba mordo bat plazaratuz, herriko gazteon gozagarri. Gaztelekuaren kontua kasu.
Ironiak ironia, barruan bor-bor dabilzkidan hainbat gauza aipatu nahi nituzke:
Herriaren kudeaketarako ente publikoak hartu duen dimentsio neurrigabea. Beraiek nahi dutenean egin, nahi dutenean desegin… herri hau kudeatzen duten sasipolitikariek herritarron bizkarrera barre egiteko gehiegizko erraztasuna hartu dutelakoan nago…gazteon kasuan, 2008ko irailean publikoki lehen aldiz gazteoi zuzendutako gune publiko baten sorreraren berria zabaltzea nahiko paradoxikoa iruditzen zait. Izan ere, urte luzeak dira Lasarteko gazteriak herriko gabezia nabarmenen aurrean kolektiboki antolatu eta alternatibak plazaratzeko hatua egin zuenetik, hainbat direlarik adibideak: egungo emakumezkoen gunea kokatua dagoen lokalaren okupazioa, 1994an oker ez banago, Lasarteko Gazte Asanbladaren eskutik. Jende askok izango ditu gogoan orduko gora-beherak. Herrian urtetan zehar izan diren Gaztetxeak. Txorimalo Gazte Kolektiboa, praktikan eta urte luzetan zehar herriko gazteok izan dugun instituzio erreal bakarra, gure kezkak, alternatibak plazaratzeko sortu zen plataforma kolektiboa. Paradoxikoa nioen, ulergaitza ez esatearren, izan ere, ez ote da egungoa baina momentu hoberik izan herriko gazteekin hitz egin, beraien kezketaz arduratu eta "hay untamiento"ak, bere lana izaki, gazteoi nola halako bide bat emateko? Alegia, zergatik orain, noren eskutik eta zeinentzat?
Honek orain 5-6 urtetako kontu bat dakarkit burura. Txorimaloren osteguneroko asanblada batean herriko gazte batzuren deia jaso genuen asanbladari buruzko hainbat galdera egin nahi zizkigutela esanez. Azaldu ziren ba gazte haiek asanbladara, eta guk beronen funtzionamendua, gure kezkak eta motibazioak zein ziren azaldu genien. Gazte hauek urte batzuren buruan udaletxeko "gazteen kale hezitzaile" figurarekin hasi ziren lanean. Egun, horietako bat behintzat gaztelekuari buruzko ikerketa egingo duen "lan talde"ko kide da. Teorian, hain urrun ez gaudenaren seinale… praktika da kezkatzen nauena ordea.
"Hay untamiento"ko gazteria saila konstziente da Lasarteko gazteontzat ez duela legitimitate zipitzik ere eta beraz, bere inguruko peña enrollatu eta alternatiboa hartu eta inorekin kontatu gabe gazteon salbazio izango den gunea sortzera abiatu da, toma moreno! Orain ere kortijoa nahi eran egin eta desegin…
Herriko gazteen heziketa, balore, aisialdi eta borroketan hain garrantzitsua izan beharko lukeen balizko gune hau planteatzen ari den moduak sakonki arduratzen nau, zu ez?

Lasarteko gazte bat

Aitzol Lasa