Ludotekan lagunekin saltsan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko irailaren 19a

2 eta 8 urte bitarteko haurrentzako programa zabala eskaintzen du aurten Amaraun ludotekak. Lagunartean jolasean oinarritutako proiektua aurkezten dute ludotekako arduradunek. Elkarbizitza bultzatzeaz gain, aisialdiko jolasen bitartez haurraren garapena lantzea da ludotekaren helburua. Eta hau guztia, euskararen erabilera eta ezagutza sustatuz.

Ludotekako programa
Haurrek eskulanak, jostailuen tailerrak, jostakirola, txontxongiloak, ipuin kontaketak, etab. izango dituzte Amaraun ludotekan, baita haur hezkuntzakoen gaupasa eta lehen hezkuntzakoen irteerak eta asteburu pasak ere. Aurten gainera larunbatetan ekintza bereziak prestatuko direla ere aipatu digute ludotekako arduradunek.
Amaraun ludotekak eskaintza irekia du, astelehenetik ostegunera joateko aukera ematen du eta, arduradunek jakin arazi digutenez, haur hezkuntzakoek bi txanda izango dituzte bata 17:00etatik 19:00etara eta bestea 18:00etatik 20:00etara; lehen hezkuntzekoek berriz, bakarra, 17:30etatik 19:30etara. Larunbatetan guztiek 11:00etatik 13:00etarako ordutegia izango dute.

Berrikuntzak
Honetaz gain, ludotekak espazio antolaketa berria izango du eta gurasoen parte-hartzea onartu eta bilatuko da. Honetarako, jolas eta eskulan ikastaroak antolatuko dira.
Aurten gainera jolaserako denbora eta espazioa berreskuratuko da eta horregatik erronka nagusia gaurko eta betiko jolasak izango dira.
Azpimarragarria da Amaraun ludotekan izena ematen duten haurrek zuzenean lortzen dutela Amaraun klubeko bazkidetza. Beraz, urtean hirutan klubeko aldizkaria iritsiko zaie etxera, honetaz gain, klubeko produktuak eskuragarri izango dituzte eta klubeko ekintzetan parte hartu ahalko dute, hala nola, Amaraun jaialdian.

Matrikula
Irailaren 22an irekiko da matrikula egiteko epea. Izena ematea internetez egin daiteke www.ttakun.com web orrian edo Ttakuneko bulegoan bertan orriak entregatuz, baita Amaraun ludotekan ere.
Edozein zalantza dela ere 943 371 448 telefono zenbakian arduradunekin harremanetan jarri zaitezkete.•