Arropa, oinetakoak, elektronika tresnak, liburuak, etab. salgai eta prezio ezinhobean. Hau guztia, igandean Michelingo tenis-pistetako barrutian ospatu zen Lasarte-Oriako Stock eta saldoen I. Factory ferian ikusi ahal izan ziren.
Eguraldia lagun jende ugari bildu zen ferian. Udaletxeko ordezkariak ere bertan ikusi ahal izan genituen, hala nola, Ana Urchueguia alkatea edo Merkataritzako Departamentuko buru den Ricardo Ortega. Eta Amalur eskolako trikitixa eta pandero joleak ere bertan egon ziren Factorya girotzen.
Hala ere, goizeko hamaika eta erdiak arte, ez zen mugimendu handirik egon. Ordutik aurrera, pixkanaka bete ziren merkatarien guneak, arropa eta oinetakoenak gehien bat, eta sarreran ilara egin zen.
Poltsa ugari
Ateratzerakoan lasarteoriatarrek poltsak eskuan, sarrerako euroaz gain besterik gastatu zuten seinale.
Haurrek ere ez zuten aspertzeko aukerarik izan, gaztelu puzgarriak, surf taula eta jokoak izan baitzituzten egun osoan zehar.
Feriak gaueko 21:00ak arte iraun zuen eta, orduan, Factoryra joandakoen artean Zumaiako bainuetxean tratamendu egiteko sarrera bikoitza zozkatu zen. Irabazlea hurrengo TXINTXARRIn jakin araziko da.•