Kalera aldizkariaren 3. alea laster etxeetan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko irailaren 22a

Hirugarren urtea da komunikabide desberdinetan lanean ari diren profesional talde batek, kazetari zein argazkilarik, bere gogoa, denbora eta lana aldizkari hau aurrera ateratzeko jartzen duena.
Denek bat egin dute preso eta errepresaliatuen berri ematearen alde eta honi esker Kaleraren 3. zenbakia kaleratu ahal izan da.

Edukia eta helburua
Ale honetan preso eta senideei egindako elkarrizketez gain, presoek idatzitako hainbat eskutitz irakurri ahalko dira. Esate baterako, Mikel Kastresanaren hilketaren 20. urteurrena gogoratuaz, Begoña Uzkudun bere neskalagunari elkarrizketa edo Mitxel, Ina edo Juankarren kartak.
Aldizkariaren egile den Etxerat elkarteak, aditzera eman duenez, "egungo sakabanaketa eta bakartze kartzela politikaren helburua presoa bere familia eta lagunengandik inkomunikatzea dela uste dugu. Are gehiago esango genuke, honen inguruko senide eta lagunak kilometro luzeetako bidaiak egitera zigortu."
Honela, kalera aldizkaria egin dutenen helburua herria informatzea da, espetxean zein egoeratan aurkitzen diren, zein zigor ezartzen zaien, non eta nola dauden kaleratzea.
Izan ere, 10 herritar daude preso estatu espainiar zein frantsesean eta sakabanaturik daude, gertuen dagoena 600 kilometrotara dago eta urrunena 1.100 kilometro baino haratago.
Egoera honen aurrean, sakabanaketarekin amaitu, zigorraren luzapenekin amaitu eta dagozkien eskubide guztiak errespetatzearen aldarriarekin bat egiten dute Kalera aldizkariko egileek.

Senideen irakurketa
Era berean presoen senideek aldizkariari buruzko hausnarketa egin dute komunikabideentzako.
Bertan ekimena aintzat hartzen dute eta proiektu honi esker zenbait puntu nabarmentzen direla aipatzen, hala nola, Lasarte-Oriako herritarrak giza-eskubideen alde eta dispertsioaren aurka agertzen direla edo egun mantentzen den presoen egoerei hitz ematea.
Honela, senideek presoei Kalera aldizkaria eramango zaiela jakin arazi dute. Izan ere, egunerokoa irakurtzea debekatzen baitzaie batzuetan.
Honetaz gain, dispertsioak senide eta lagunentzat errepresio handia dela salatzen dute. Presoen lur jotzea eta amore ematea helburu duen zigor politikoak kontrakoa lortzen duela aipatzen dute, "gure biziak arriskuan jartzen duen bidaia da eta bisitetan dugun aurrekontu ekonomikoa kontuan izanik lapurreta ere bada".
Horregatik, bisitek, eskutitzek eta elkartasun adierazpenak senideentzat balio handia dutela esaten dute, baita Kalerari esker, Estatu frantses zein espaniarrak presoei ezartzen dizkien politika salatzen dutenen zenbakia handitzen doala ere.

Elkarretaratzea Donostian
Era berean, Etxeratek jakin arazi digu "azken ostiraleroko" elkarretaratzerik ez dela egingo Lasarte-Orian ostirala honetan.
Aldiz, Preso, Errefuxiatu eta Errepresaliatuen Senideek, Donostiako Konstituzio plazan dute hitzordua 20:00etan.
Asmoa elkarretaratzea Zinemaldiaren atarian egitea da eta horregatik parte hartzera deitu dute.•