Egun hauetan Mugikortasun iraunkorraren Astea burutzen da Europako hainbat hiritan eta Lasarte-Orian Udalak froga bat egiteko baliatuko du. Astearen helburua herritarrak oinez, bizikletan edo garraio publikoan ibiltzea lehenestu dezaten gogoeta eragitea da, Rikardo Ortega Ingurumen saileko arduradunak adierazi duenez, eta Udalak hiriko garraio publikoa probatzeko erabiliko du. Herrian hiribusa izango da asteko protagonista.
Ezker Batuko zinegotziak argi du ezingo dela esperientzia honetatik erabilerari buruzko behin betiko ondoriorik atera, baina erabiltzaileei buruzko informazio baliagarria jasotzea espero dute antolatzaileek.
Proba moduan, zerbitzua doan eskainiko da ostiral iluntzera bitartean eta bide ezberdinak erabiliko dira herritarren beharrak ezagutzeko. Batetik teknikari bat autobusean ibiliko da ahalik eta datu gehiena biltzeko eta bestalde, galdera sorta bat banatuko zaie erabiltzaileei bere beharrak jakinarazi ditzaten.
Esperientzia pilotua
Udalaren asmoa horixe da, geraleku bakoitzeko informazio zehatza jasotzea: "Jasotako informazioa etorkizunerako oso garrantzitsua izango da gerora gauzak ahalik eta ondoen egiteko" esan zuen zinegotziak. Esperientzia honetan eta erabiltzaileei zuzenean jasotako iritzian oinarrituko da Udala gero gaiari buruzko erabakia hartzeko.
Hiribusari buruzko galdeketaren erantzunak eta mugikortasun iraunkorrari buruzko edozein iritzi, iradokizun eta proposamen jasotzeko buzoi berdeak daude Udaletxe Sarreran, Kultur Etxean, Kiroldegian eta Zaharren Etxean edo Ingurumeneko departamentura bidali daitezke. Ortegak jendearen parte hartzea eskatu zuen prentsaurrekoan.
Goizeko 7:30etatik iluntzeko 20:30ra bitartean martxan izango da Hiribusa. Astelehenetik ostiralera, ordu-erdiko joan etorriak egingo ditu Antxisutik abiatuta. Udalak proban jarri duenez doan eskainiko da zerbitzua eta ostiralera bitartean ondorengo ibilbidea eta geltokiak izango ditu, guztira 24 geraleku dira: Antxisu (orduan puntuan eta erdietan gutxi gorabehera), Oria (bus geltokia), Basaundi (bus) Arranbide 16 (puntuetan 605 713 512 telefonoan eskatuz gero), Bista Eder (Ordu eta erdietan 605 713 512 telefonoan eskatuz gero), autobusen garajean, Kale nagusia 39 (bus), San Pedro Parrokia alboan, Sasoeta eskola ondoan, Zabaleta auzoa, plazan, Donostia etorbidea, (bus), Pablo Mutiozabal 2, Iñigo de Loiola kalea, Kultur Etxean, Mitxelingo kirol gunean, Osasun Zentroan, Kale Nagusia 4 (bus), Kale NAgusia 38, Zahar-Etxean, autobusen garajea, Basaundi (bus), ORia (bus) eta berriro Antxisu. Guztira ordu erdiko ibilbidea izango da eta beraz ordu erdiro pasako da geltoki hauetatik.
Aspaldiko asmoa
Hiribusa Arranbide eta Bista Ederrera joateko bere ibilbidetik atera behar denez, soilik beharrezkoa denean joango da. Busa toki horietan hartu nahi dutenek 605 713 512 telefonora deitu beharko dute minutu batzuk lehenago. Bestela ez da hortik pasako.
Santiago Sarasola Donosti-Tolosaldea Tranbia Zerbitzuko ordezkariak aurkezpenean esan zuenez aspaldiko asmoa da Lasarte-Orian honelako zerbitzua jartzea. Orain Udalaren eskaeraz prestatu dute ibilbidea eta egun hauetan probatuko dute. Ilusioz beteta daudela adierazi zuen zerbitzu iraunkor bat jartzeko lehen pausua delako. Autobusa txikia da, gehienez 20 lagun sartzen dira eta elbarrientzat ere prestatua da Atsobakarren eguneko zerbitzua eskaintzen duen autobusa erabiliko baita.
Ordu erdian joan etorria egiteko nahiko justu ibiliko direla esan zuen Sarasolak eta beraz herritarrei eskatu zien saiatu daitezen aste horretan autobusaren bidea ez oztopatzen eta bigarren lerroan ez aparkatzen. Bestela Hiribusak ezin izango du ordutegia bete.
Ondo gidatzeko ikastaroa
Eraginkorki gidatzeko ikastaroa, gaur arratsaldean burutuko da, 16:00etatik 20:00etara bitartean Manuel Lekuona Kultur Etxean. Aurreko urteetan ere eskaini den ikastaro honen helburua autoa erabiltzerakoan gutxiago kutsatzen eta erregaia aurreratzen erakustea da. Mikel Urruzolak Artelatzeko ordezkariak esan zuenez emaitza oso onak izan ditu, egin dutenak gustura geratu dira.
Ondo gidatzeko zenbait aholku ematen dira ikastaroan eta arlo teoriko horretaz gain froga bat egiten da: hasteko, norberak gidatzen duen moduan egiten du ikasleak ibilbidea. Gero gutxiago kutsatzeko eta erregaia aurreratzeko gomendioak ikusi ondoren, berriro egiten du joan etorri berbera, kontsumoan eta gasen emisioan aldea ikusteko. Doan da ikastaroa, baina partaide kopuru mugatuarekin: informazio gehiago eta izena emateko 943 36 60 55 (Gurutze)
Rikardo Ortegak adierazi zuenez autoa gutxi erabili behar da eta erabiltzen denean modu eraginkorrean eginez gero hobe.
Autorik gabeko eguna
"Nire autorik gabeko eguna" izendatu dute Europan astelehena, hilaren 22a, eta beraz, gaur, autorik ez hartzeko eskatu. Kale Nagusiko parte bat itxita egongo da autoentzat goizeko 9:00etatik 13:30etara bitartean, Ola kalearekin bat egiten duen puntutik Tajamar-eko biribilguneraino. Garraio publikoko, larrialdietako eta garraioko ibilgailuek soilik izango dute sartzeko aukera.
Ahal diren joan etorri gehienak oinez egiteko, garraiobide bezala bizikleta ibiltzeko eta garraio publikoak erabiltzeko gomendatzen du Lasarte-Oriako Udalak banatu dituen eskuorrietan. Autoa partekatzeari bultzada ere eman nahi dio eta Udaleko web orrialdearen bitartez autoa partekatzen laguntzen du. Lanera, ikastera,... norabait autoz joan eta lekua dutenek www.lasarte-Oria.compartir.org web orrialdea erabili dezakete joan-etorri berbera egiten duten beste herritar batzuekin harremanetan jarri eta elkarrekin joateko. Ekimen honen helburu nagusia ere, autoa zentzunez erabili eta kutsadurari aurre egitea da. •