Aurtengo maratoian eten gabe martxan egongo diren bi proba daudela badakigu dagoeneko, baina mapa azalpen guztiekin hementxe edo www.euskararenmaratoi.com web orrialdean aurkitu ahal izango duzue. Proba politak baina desberdinak dira biak, bata herri inguruan izango da eta bestea mendi aldera irteera txiki bat. Bi proba hauen helburua maratoia plazan ez ezik herrian zehar ere zabaltzea da, ekintza garrantzitsuenak taula gainean izango dira, baina bitartean Maratoia herrian zehar mugituko da. Taula gainean zortzikotekoak ikusiko ditugu denbora tarte gehienean baina lasarteoriatarrak dira maratoiko protagonistak eta nahi duten unean parte hartu dezakete horrelako frogetan adibidez.
Parte hartzaileak taldeka antolatuko dira txanda ezberdinetan, horretarako ordutegiak prestatu dira txanda batekoak bukatzean hurrengoak atera daitezen, horrela asteburu osoan zehar herria maratoiarekin batera martxan egongo da. Nahi den txanda aukeratu eta izena emateko aukera web orrialdean bertan dago edo bestela Ttakunetik pasa eta bertan ere egin daiteke.
Teresategiko probaren
nondik norakoak
Teresategi mendira joan etorria helburu batekin egingo da: Pinu Kozkorra hartu eta oholtzan entregatu beharra dago. Igandean, amaitutakoan, 40 pinu kozkor egon beharko dira oholtza gaineko saskian proba gainditutzat eman dadin. Txanda bakoitzean motxila bat eramango da errelebo moduan, motxilari lotuta makila bat egongo da banderin txiki batekin bereizgarri moduan eta gainera pinua bertan gorde ahal izango da. Beraz, bueltan datorren taldeak abiatzen denari motxila pasa eta berriro gora. Motxila gora eta behera ibiliko da eta pinuekin batera probako elementu garrantzitsua izango da.
Ibilbidea Okendon hasiko da, bertatik Kale Nagusira eta eliza ondotik Zabaletaraino iritsiko da. Pepene baserrira iritsitakoan handik zuzenean Teresategira. Bertan, probaren zatirik garrantzitsuena egin behar da, pinua hartu eta motxilan ondo gorde Okendon uzteko. Bide beretik berriro buelta plazaraino egin beharrekoak egin eta gero eta han oholtzara igo eta pinu kozkorra utzi. Orduan egongo da proba gaindituta talde horrentzat baina berrogei pinu kozkorrak bildu arte iraungo du probak. Talde batek bukatutakoan hurrengoak motxila hartu eta Tiriri Tarara Teresategira!.
Baietz 7 aldiz korritu maratoia!
Apustu bat egin eta gero euskaldunok badakigu zer tokatzen den, kosta ala kosta esandakoa bete behar da!
Proba honetan 2 kilometroko zirkuitu batean egin behar da korrika zazpi maratoien kilometroak osatu arte, bata bestearen atzetik irteera ordu finko batzuekin. Zazpi maratoien hasiera bakoitza oholtzatik pasako da, bitartean txanda ezberdinak egongo dira. Larunbatean hiru maratoi korrituko dira eta igandean lau. Larunbateko lehenengo irteera 9:05ean izango da, 12:35ean bigarrena eta 16:05ean hirugarrena. Igandean aldiz lehenengoa 8:20ean, bigarrena 11:50ean, hirugarrena 15:20ean eta azkena 18:50ean. Beraz, badakizue, maratoiaren web orrialdean sartu eta eman izena ongien datorkizuen maratoiean.
Maratoi bakoitza talde batek egingo du baina bidean nahi duena gehitu daiteke martxara (Korrikan bezala), hau da, bakoitzak nahi duen zatia egin dezake, nahi duenean sartu edo atera. Badakigu kirolzale amorratu asko dagoela herrian eta horiek nahi adina maratoi egin ditzakete, beste batzuk ordea lasaiago dabiltza eta probaren zati bat egin dezakete nahi izanez gero.
Ibilbidea Okendo plazan hasiko da, Geltoki kalea hartu eta Michelin aldera. Urbil merkatal zentro paretik pasa eta han eskuinetara jo trenbidearen paretik pasatzeko. Tajamar errotondaraino iritsi eta berriro Geltoki kaleraino, txanda aldaketa garaian bakarrik sartu beharko da Okendo plazara. Zazpi maratoiak egin ostean emango da proba gainditutzat. Proba gainditu ahal izateko beraz, proban parte hartzeko prest dagoen jendea behar da, beraz animatu eta parte hartu.•