Omenalditxo bat egingo diote bihar asteartea, arratsaldeko 7:30ean Okendon, Mikel Kastresanari, bere hilketaren 20. urteurrena betetzen denean. Informazio taula batzuk ere jarriko dira orduko gertaera hura gogoratzeko. Bestalde, Gudarien Eguna izango da urtero bezala hilaren 27an, Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten egunean, eta aurten Mikel Kastresana bereziki gogoratuko dute Lasarte-Orian. Larunbatean, beraz, Zabaletako plazan goizeko 11etan omenaldia egingo zaio. Eta bestalde, deialdia luzatu dute, Hernanin arratsaldeko 8etan Gudarien plazan egingo den eskualdeko manifestaziora joateko.
30 urte betetzear zen Mikel Kastresana Donostiako Konstituzio plazan tirokatu eta hil zutenean. Bost tiro jaurti zizkioten oso gertutik poliziek. Begoña Uzkudun une hartan berarekin zen lagunak argi dauka polizia Mikel hiltzera joan zela: "Aurretik ondo planifikatuta zeukaten Mikelen erahilketa. Gero, komisaldegian galdeketako une batetan ez zeuden konforme nik esandakoekin eta zera esan zidaten: "al parecer eres tú la que tenías que estar muerta y tu amigo al que necesitábamos vivo".
Kontu ilunak
Familiak eskatu zuen gertaera argitzeko baina ez dute erantzunik izan. "Kasua itxi zen eta kitto. Bertsio ofizialaren arabera Mikel eta polizien arteko tiroketa izan zen. Baina puntu ilun eta kontraesanak dira”. Kasualitatez topatu eta ezagutu egin zituztela, alto eman eta arma atera zuela esan zuten.
Familiak, aldiz, beraien bila joan zirela, uste du, ez zela kasuala izan. "Ez da posible, egun normal batean juxtu beraiek zeuden tokian hainbeste polizia izatea. Nahi bazuten hartuko zituzten akatu gabe" salatu dute senideek, eta puntu ilunak aipatu: Mikel tiro egiten saiatu zela esan zuten, baina lekukoek aitortu zutenez liburua zuen eskubiko eskuan, eta hartzekotan eskuinarekin hartuko zuen pistola. Kontraesan horiengatik uste dute aurretik erabakita zutela Mikelen hilketa, baina kasua itxi egin zuten.
Jaso zituen bost tirotatik bat buruan eman zioten eta beste bat bihotzean. Biak oso gertutik, autopsiaren arabera. Arratsaldeko 8:30ean hil zuten Donostian eta berehala heldu zen albistea Lasarte-Oriara. "Argazkiak atera zituen pertsona bat ezagutzen genuen eta ikustean argi geratu zen. 8.30ean gertatu zen eta gaueko 11etan herrian bagenekien bera zela. Notizia segituan zabaldu zen" kontatu digu bere arrebatako batek.
Gau horretan joan ziren Polloera baina ez zieten ikusten utzi. Hurrengo goizean, baimen bila bidali zituzten epaitegira eta gerora ikusteko eta hilerritik elizara jaisteko baimenarekin joanda ere oztopoak jarri zizkieten. Azkenean guraso eta arreba sartu ziren baina banaka.
Ondorengo egunak tentsio eta amorru handikoak izan zirela gogoratzen dute senideek. “Gorpua zekarren autoan sartzen ez ziguten uzten, baina deskuido batean ama sartu eta ez zen gehiago atera. Autoa poliziez inguratuta iritsi zen herrira eta zuzenean hilerrira eraman zuten. Herria hartuta zegoen, dena goardia zibilez betea, kanposantura hurbildu ziren guztiak kontrolatu zituzten eta kanpotik etorri zirenei ez zieten herrira sartzen utzi”.
Eliza ondora Galindo etorri zela eta tanketak ere ekarri zituztela oroitzen dute Mikelen arrebek. Jendea lasai bazen ez zela ezer gertatuko esan zuten arren, Goardia Zibilek jendea jipoitu zuten. Baita herritik kanpo, hipodromo inguruan autobusetan zeudenak ere.
Zirikatzailea
Mikel Kastresana oso zirikatzailea zela ondo gogoratzen dute bere arrebek. "Bati ez bazen besteari, beti zirikatzen. Etxekoei, bai, baina lagunartean gehiena". Lagunek aitortzen dute batzutan lotsati xamarra zela zirudiela baina behin ezagututa saltseroa, umoretsua eta adarjolea.
Bost ziren etxean lau arreba eta Mikel. Mutil bakarra izan arren etxeko lanetan edo erosketak egiten laguntzen zuen. Telebista ikusteagatik jasotzen omen zuen sukaldea arrebak jakinarazi digunez: "nik jasoko dut sukaldea eta zuek ohera joan, esaten zuen eta horrela telebista ikusten geratzen zen bera. Bestela gurasoek ez zioten utziko hurrengo egunean eskola joan behar zuen eta". Oroimen goxoak dituzte arrebek. Txikienak garbitzen zion autoa eta berak trukean 25 pezeta ematen zizkion.
Ikasle bizkorra zela ere oroitzen dute, "azkarra, baina sekula ez zuen lan asko egin nahi izaten, eta ez zuen etxerako lanik eramaten. Denak eskolan egiten zituen" dio bere arrebak. Garai hartako lasarteoriar mutil koskor gehienak bezala, aurrena Lasarten ikasi zuen, gero Añorgan, aurrerago Don Boscon eta azkar hasi zen Luzuriagan lau ordu ikasten eta beste lau lanean, 16 bat urterekin. Amak esaten zion aitak baino gehiago irabazten zuela. Bertan aritu zen 1984an, 25 urterekin Iparraldean babestu zen arte. 1988ra arte lau urte pasa zituen errefuxiatua. Orduan bere lehen kezka gurasoak ziren, beti galdetzen zuen nola zeuden. “Hori zen lehen gauza”.
Euskara eta euskal kultura izan ziren langileriaren arazoekin batera bere kezka nagusiak eta oso gaztetatik aritu zen sindikalgintzan, LAB sindikatuan. Luzuriagan hasi eta ondorengo urtetan asko joaten Astigarragara, hangoa baitzuen neska laguna. Bertako Astigar Kultur Taldean aritu zen eta hango euskaltegian berreskuratu zuen euskara. Futbitoan aritzen zen han eta zesta punta jokatzera joaten zen Galarretara.
Mendizalea
Baserri giroa, natura eta mendia ere biziki maite zituen eta bere ametsetako bat zen bizitzera baserrira joatea. Espeleologia ere egiten zuen lagunekin, Lekunberriko kobazuloetara joaten ziren, ehizan ere aritzen zen eta urpekari ekipoa eta arrantzako pistola bazituen arren ez zen oso arrantzalea “ez zekien igerian eta”.
Komikiak asko gustatzen zitzaizkion. Asteburutan erosten zituzten eta auzoan aldatu neska-mutil koskorren artean.
Arrebek gogoratzen dute txikitan denak elkarrekin jolasten zirela auzoan. “Astakeriak eta bihurrikeriak ere denak batera egiten genituen, eta batek egin bazuen ere denak isilik gero”. Mendira ere elkarrekin joaten zirela gogoratzen dute. Aitak sartu zien mendi eta naturarako zaletasuna.
Nerabezaro garaian ez zuen arrebekin horren harreman estua izan, kalean ikusi eta ez zituen beti agurtzen. Soldaduskan aldiz, badirudi etxekoak asko bota zituela faltan eta handik aurrera egoera aldatu egin zen. Arrebak bere lagunekin ibiltzen hasi ziren. •