Bosgarren urtea da Ostadarrek Lasarte-Oriako udalaren laguntzaz Martin Egaña eta Santi Garciari omenaldia egiten diona.
Aurtengo edizioan 32 parte hartzaile bildu ziren Michelin kirol guneko bola tokian.
Hauek guztiak, Urnieta, Hernani, Segura, Zerain, Legazpia, Alza, Herrera edo Idiazabaletik etorriak ziren eta maila desberdinetan lehiatu ziren, gizonezko, emakumezko eta jubenilak.
Iazko zenbakia, 35 parte hartzaile, gutxigatik ez zen berdindu. Hala ere, Josean Montes Txispas antolatzaileak onartu zuenez, “nahiz eta jende askok kale egin, bola jaurtitzaile ugari bildu dira. Ez nuen hainbeste jende espero”.
Berdinketak gizonezkoan
Goiz osoko lehiaketaren ostean, gizonezkoen mailan, Jose Angel Belauzaran eta Benito Loitegui urnietarrek jokatu zuten lehenengo postua.
35 birlako berdinketa hautsi behar izan baitzuten eta, azkenean, Belaunzaran atera zen garaile.
Hirugarren postua erabakitzeko ere berdinketa hautsi behar izan zen.
Eta kasu honetan, Josean Lasa herritarrak eskuratu zuen hirugarren saria eta, honekin batera, lehenengo lasarteoriarraren oroigarria.
Lehiarik ez beste mailatan
Jubeniletan eta emakumeetan, aldiz, ez zen lehia handirik egon. Hiru jubenilen artean, Itoiz Aluztiza zeraindarra gailendu zen 30 birla bota ostean; Charo Galan lasarteoriatarrak, berriz, ez zuen aurkaririk izan.
Honetaz gain, bola hoberenari, hau da, tirada batean 7 birla botatzen dituenari ere sari berezia eman zioten eta hau Benito Loiteguirentzat izan zen.
Sari banaketa hasi baino lehen, Santi eta Martinen alargunei, Rakel Marin eta Maria Dolores Solanori lore sorta eman zitzaien eta bukaeran parte hartzaile guztiek argazkia egin zuten.•