Rufino Iraola
Udal Euskaltegiko zuzendaria
Zeintzuk dira Udal Euskaltegiaren helburuak?
Helburua irakaskuntza den arren, euskaltegi honek erabilpenari heldu nahi dio. Euskara ikastea ez da nahikoa, jendea bultzatu behar dugu hizkuntza erabiltzera. Ikasleen artean azterketak egin ditugu jakiteko zein ingurutan bizi diren zeinekin hitz egin dezaketen jakiteko. Honek ez du erabilpen bermerik ematen, baina garrantzitsua da ezagutzea jomuga txikien bitartez euskara nola erabili laguntzen diegu eta. Oso garrantzitsuak dira hizkuntza ohitura aldaketak, dinamika espontaneo batean sartzeko. Dinamika honek mantentzen du hizkuntza bizirik.
Ikasleen motibazioak zeintzuk dira?
Asko izaten dira eta urtetik urtera aldatu egiten dira. Euskara ikaste hutsagatik lehen asko ziren, egun, berriz, gutxienekoak. Egun gehienak lana egiteko tituluen beharrarengatik datoz. Zein motibazio den onena euskaltegiarentzat? Denak onak dira, beti eta euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko baldin badira. Bere borondatez euskara ikastera datorrenak errazago hitz egingo du kalean. Bestelako esperientziak badaude ere: titulu baten inguruan hasten dira eta pixkanaka ikusten dute ikuspegia zabaltzen zaiela eta euskararekin lehen gozatzen ez zituen gauzekin orain gozatzen dutela, antzerki ikusi eta ulertzen dutela, adibidez. Dinamikan hasiz gero, nahastu egiten dira motibazioak.
Zein da ikasleen profila?
Gehienak %70 eta %80 bitartean emakumezkoak dira. Irakaskuntzan eta osakidetzan gero eta emakume gehiago dago, beraz lanerako titulu baten beharra ikusten dute. Iruditzen zait ere, emakumea bere prestakuntzan askoz ere gehiago ari dela kezkatzen. Eta adina aldetik, 30 urtetik gorakoak dira gehienak.
Gazteagoak zergatik ez dira euskaltegira hurbiltzen?
Gazteagoak direnak uste dutela eskolatik euskaraz jakinda ateratzen direla. Baina uste dut, premia handia dagoela gazteen artean euskara hori hobetzeko, batez ere, ahozko hizkuntza hobetzeko. Ikasteko balio dien hizkuntza bat ikasten dute, baina euskara ez da horretarako bakarrik, beharrezkoa da haserretzeko, jolasteko, afektibitatea agertzeko... Gazteen euskarak horretan huts egiten du eta batez ere, inguru erdaldunetan.
Tituluen homologazioak aldaketarik eragiten al du metodologian?
Homologazioa lortu aurretik metodologia aldatu egin genuen. Gure filosofia hizkuntzarekin zer egin da. Guretzat hizkuntza ekintza da eta zer egin horretan helburu bat dago. Hori lortzeko behar ditugun bitartekoak irakasten dugu, deklinabidea dela, aditzak, esamoldeak direla.... Praktikotasuna bilatzen dugu.
Iazko emaitzak?
Iazko emaitzak onak izan ziren: lehen mailako frogetara aurkeztutakoen %85ak gainditu zuen eta 2. eta 3. mailatan %60tik gora.
Euskara ikasi nahi duenari zer esango zenioke?
Euskara ez dela bakarrik euskaltegian ikasten. Euskaltegia eragile bat da, besterik ez. Euskaltegitik at euskara erabiltzen saiatu behar dute, hori abantaila handia da beraientzat: batetik, ikaste prozesua asko laburtzen duelako eta bestetik, ohitura aldatzea ekartzen duelako.•
Olatz Urdanpilleta
Muntteri euskaltegiko zuzendaria
Zeintzuk dira Muntteri euskaltegiaren helburuak?
Ikaslegoa euskalduntzea eta euskal kulturan murgiltzen erakustea. Oso sinplea dirudien arren, beraientzat gauza berria da. Euskal musika taldeen letrak edo telebistako saioak ulertzen dituztenean mundu berri bat irekitzen zaie.
Zein da ikasleen motibazioa euskara ikasteko?
Lanerako euskararen beharra motibazio nagusiena da. Lanarena ezinbestekoa eta askok aukeratzen ez dutena da. Halabeharrez ikasten duenari bitarteko atseginak eskaintzen saiatzen gara. Ikasteak ez du tortura bat izan behar, baina hala ere, bakoitzak lana egin behar du eta gu saiatzen gara klaseak erakargarriak egiten eta bakoitzaren beharretara egokitzen.
Halabeharrez ikasten duenak, euskara kalean erabiltzen al du?
Behar batekin hasten dira, baina aldi berean erakusten diogu euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko baliagarria dela, seme-alabekin, bizilagunarekin ... komunikatzeko. Deskubritzen dutenean aisialdia euskaraz egin dezaketela oso atsegina egiten zaie: haurrarekin euskaraz hitz egin, ipuin bat kontatu, telebistako saioak eta antzerkia ulertu dezakete. Baina, pazientzia behar da. Euskaltegian euskara ikasiko dute, baina egun osoa dute euskara erabili ahal izateko.
Teoriatik praktikara erraz pasatzen al dira?
Bakoitzari galdeketa bat egiten diogu zein inguru duen euskararekin lagunduko diona ezagutzeko: irakurtzeko, telebista ikusteko, irratia entzuteko dituen ohiturak. Gustatzen zaizkion gauzetatik hasten gara eta hori menperatzen duenean, gainontzekoa ere euskaraz egingo du. Euskararekin aukera zabal bat irekitzen zaio. Horretarako ausarta izan behar da eta hanka sartuz ikasten da. Kasu batzuetan zaila da ingurukoekin euskaraz hitz egitea, lotsa galtzea... gainkarga eta guzti sortu daiteke. Horregatik, hizkuntza berri bat hitz egiteko garaian, beldurrak kontrolatu egin behar ditugu.
Tituluen homologazioak metodologia aldatuko al du?
Kasu batzuetan bai, ikasle guztiek ez baitira tituluaren bila etortzen. Horregatik, ikasturteko plangintza egiten dugunean, ikasleak hartzen ditugu kontutan. Adibidez, idazlanak ez dira beraien lehentasuna baina azterketak gainditzeko idazlan luzeak eta landuak egiteko gai izan behar dute. Beraz, batzuen eta besteen beharrak uztartzen saiatzen gara.
Zein da AEKko ikasleen perfila?
Alde handiena adina aldetik dago. Lehenengo mailatan jende heldua aritzen da. Normalean, eskola garaian euskara zerbait ikasi baina hitz egiten ez dakitenak dira. Maila altuetan aldiz jende gazteagoa dago. Euskaraz ikasi eta titulua atera nahi dutenak dira.
Emaitza onak lortu al zenituzten iaz?
Aurreko ikasturtean %70ak gainditu zuen. Emaitza ona da eta pozten gaitu, baina, gure helburua ez da hori, jendea euskalduntzea baizik. Estatistika bat besterik ez luke izan behar, inoiz helburua. Ikasleen helburua ere ez luke azterketa gainditzea izan behar, baizik bakoitzak bere bizitza euskaraz bizitzeko gai izatea. Bestela, alperrik da. Hizkuntza guztiak erabiltzen ez badira galdu egiten dira.•