Lasarte-Oria V. Nazioarteko akordeoi jaialdiak soinuz beteko du bihar Manuel Lekuona Kulturetxeko areto nagusia. Jaialdiaren aurkezpena irailaren 19an egin zuen Zero Sette Akordeoi Orkestrak eta bertan Zero Setteko Javier Zatarainek, Jone Altuna kulturako saileko arduraduna eta kulturetxeko gerentea den Xabier Goitia lagun, aurtengo jaialdiaren nondik norakoak aurkeztu zituen.
Ezaguna nazioartean
Jaialdia dagoeneko kontsolidatua dago, aurtengoa V. Edizioa du eta nazioarte mailan dauka prestigioa.
Javier Zatarainek esandakoaren arabera, "mundu osoko jendeak etorri nahi izaten du parte hartzera". Eta honetaz gain, hemendik urtetarako gonbidatuak hitzartu eta baieztatuak dauzkatela ere onartu zuen.
Jone Altuna kultura ordezkariak ere hitza hartu zuen. Honek kultura sailak jaialdi honengatik duen ilusioa eta poza agertu zuen aurkezpenean. Era berean, animuak eman zizkien orkestrakoei egiten duten lana egiten jarraitzeko eta udalak beti lagunduko dituela ere aipatu zuen.
Jaialdiko parte hartzaileak
Javier Zatarainek bihar parte hartuko duten gonbidatuak eta Zero Sette akordeoi orkestrak egin nahi duen omenaldi xumea aurkeztu zituen jarraian.
Honela, Hungariatik dator gonbidatu ospetsuena, Zoltan Orosz. Accordions Worldwide aldizkari digitalaren esanetan akordeoi jole hungariarra egungo onenetarikoa da. 57 urte ditu Zoltan Orosz-ek baina lau urte zituenean hasi zen akordeoia jotzen, beraz, badauka eskarmentua.
Bestetik Sabadelleko Kontserbatorioko Akordeoi Orkestra izango da Kulturetxean. Estatu mailan eta atzerrian sari asko jaso dituen orkestra da eta nahiz eta hamalau jole besterik ez izan soinua indartsu eta anitza du orkestra honek.
Omenaldi xumea
Eta azkenik, orkestrako bazkide den Mariano Vallesi egingo dioten omenaldiari buruz hitz egin zuen Zatarainek.
Mariano Vallesek 85 urte ditu egun eta 79 urterekin hasi zen akordeoia jotzen. Omenaldiren bidez, bere zaletasuna, grina eta sasoia azpimarratu nahi ditu Zero Sette akordeoi orkestrak
Bihar Mariano Vallesen trebezia ikusteko aukera egongo da. Bere irakasle izandako Aitor Lasarekin batera hasiera emango baitiote aurtengo jaialdiari.
Beraz, musikaz gozatu nahiez gero, bihar aukera aparta izango da 19:30etatik aurrera Manuel Lekuona kultur etxean.•