Kirol Ludotekak eskaintza malgua izango du aurtengo ikasturtean

Txintxarri 2008ko irailaren 26a

Kiroletako Udal Zerbitzuak 2008-2009 ikasturterako Kirol Ludoteka jarduera eskainiko du, batez ere, lau urte gorako haurrentzat zuzendua izango da. Kirol Ludotekaren helburua da, batetik, haurrak kirolera hurbiltzea eta bestetik, praktikatzen hasi daitezela.

Udal Kirol zerbitzuetatik jakinarazi dutenez, aurten ere Kirol Ludoteka antolatuko dute 2004. urtean eta aurretik jaio diren haurrentzat. Jardueraren arduradunak azaldu duenez, “Kirol Ludotekarekin, jokoaren bidez eta modu dibertigarrian, haurrak kirolaren praktikan hasiko dira”.
Eskainiko dituzten kirol jarduerak partaideen adinari egokituak izango direla jakinarazi dute kirol zerbitzuetatik. “Saioak, partaide bakoitzaren nahiaren arabera, Udalaren Kiroldegiko bai Igerilekuan bai Pista Balioanitzean garatuko dira. Jarduera askotarikoa izango da eta horretarako material ezberdinak erabiliko dira: koltxonetak, era ezberdinetako flotagailuak, baloiak, pilotak, banku suediarrak, horma-barrak, porteriak etab.”

Eskaintza malgua
Kirol Ludotekaren saioak aste osoan zehar eskainiko dituzte, astelehenetik ostiralera, 18:00etan Pista eta 18:30ean Igerilekua. Jardueraren arduradunek azaldu dutenez eskaintza malgua izango da. Hau da, “Kirol Ludotekan parte hartzen dutenek, izena emateko unean jarduerara zein egunetan joango diren aukeratzeko aukera izango dute. Haurrak gehienez hiru egunetan parte hartu dezakete Kirol Ludotekan eta hiru egun aukeratuz gero, bi eremuak aukeratu beharko ditu, bai pista, bai igerilekua”.
Kirol Ludotekan parte hartu nahi duenak Kiroletako Udal Zerbitzuko bulegoan eman behar du izena.•