Espetxe Pastoraltzak Mesedeetako Amaren eguna ospatu du

Txintxarri 2008ko irailaren 26a

Espetxe Pastoraltzak, aurreko urteetan bezala, Mesedeetako Amaren festaren inguruan Sentsibilizazio Astea ospatzen ari da, irailaren 21ean hasi eta igandean amaituko dena. “Espetxeak, presoak, biktimak etab. dira gure kristau-elkarteko pairatzaileak, sufritzaileak, eta horiek dira gure elizbarrutiko pastoralgintzaren lehentasunezko helburua”, dio Pastoraltzatik helarazi duten oharrak.
“Espetxe Pastoraltzan dabiltzan pastoralgile guztiek dakite familiako bat preso sartzen dutenean, honek beraientzat eta familia guztiarentzat dakartzan ondorio larriak zeintzuk diren. Preso eta familien artean gehien entzun ohi den kexua, atxilotzeak berarekin dakarren gaitzik nagusiena atxilotua familiarengandik urruntzea dela. Alegia, familiaren egoitzatik zenbat eta gehiago urruntzen duten presoa, are eta mingarriago gertatzen da arazoa”.
Elizbarrutiak preso eta familien arteko errealitate “penagarriaz” jabeturik, aurten ere Mesedeetako Amaren Eguna dela eta, Espetxeratuekiko Sentsibilizazio Astea ospatzen ari da. “Gure anai-arreba hauek guztien egoeraren, itxaropen eta aukeren berri harat-honat zabaldu eta ezagutzera ematearren ospatzen dugu sentsibilizazio astea”. Pastoraltzako kideek garbi utzi nahi dute, sentsibilizazio astea dela eta ez dirua biltzeko astea.•