Aste honetan jarri dute Zelai Eder etxeko pareta batean igandean, irailak 28, Tolosako zezen plazan jokatuko den desafioaren kartela. Aspaldian izan den haundiena da: eguerdiko 12etatik aurrera Aimar Irigoien eta Izeta II. harrijasotzaileek neurtuko dituzte indarrak. Lan luzea dute, 10 minutuko hiru tandatan 11 arrobako (137,5 kilo) harri kubikoa nork gehiago altxa.
Bi harri jasotzaileak omen daude apusturako ondo prestatuak. Luis Mari eta Urtzi Telleria lasarte-oriarrak Aimar Irigoien-i laguntzen ari dira, Zelai Ederren prestatu dute ahalik eta ondoen apustu historiko honetarako.
Ikusmin handia
Bi harri jasotzaileek 20.000 euro jarri dituzte jokoan, sekula herri kiroletan jokatu den kopuru handiena eta ikusmin handia sortu du kirolzaleen artean.
Azken hilabeteotan trote handia ibili dute Zelai Edergo harriek. Telleria aita-semeek izan dituzte desafio eta erakustaldiak, Xoxokan eta Mutrikun besteak beste, baina guztien artean garrantzitsuena igande honetan Aimar Irigoienek daukan erronka da. Gogor aritu da entrenatzen Zelai Ederren, astean birritan, igandean ahalik eta ondoen jarduteko.
Urtzi Telleriaren laguna da Aimar eta berarekin batera aritu dira Luis Mari aita, Aimarren beraren osaba, masajeak ematen Bixente Artola eta Battista Kortajarena, halterofilia entrenatzailea, besteak beste.
Pozik egoteko moduan da taldea, Zelai Ederren aritu baitira entrenatzen aurten Euskal Herriko txapeldun izan diren Aimar Irigoien eta Mari Jose Sardon. Luis Mari Telleriak ez du, dena den, oso gustuko entrenadore deitzea: "Ni ez naiz preparadore sentitzen. Semearen laguna da Aimar eta etortzen hasi zen. Nik soilik lagundu egiten diet. Harria jasotzen badaki berak”. Bere esperientzia baliatuz altxatzerakoan akatsen bat ikusiz gero zuzendu egiten du.
45 urte ditu eta oraindik aritzen da lagunarteko desafio edota erakustaldietan. "Aurten besotik operatuta geldi egon naiz, eta oraintxe hasi naiz berriro".
Errekako harriak
Gaztetxoa zela, 13 bat urterekin zaletu zen Telleria: "Ganaduaren zaku pentsuak altxatzen hasi nintzen eta gero errekan bilatutako harriak. Familian ez dut harri-jasotzailerik izan. Kontrakoak ziren gainera. Harri jasotzaileen giroa apustuarekin lotzen zuten, eta garai hartan beldurra zioten”.
Harri jasotzaile eta zale izateaz gain xaxatzaile ere bada. Bere hiru semeak gutxi edo asko aritzen dira, baita Aimar eta Sardon ere bere aginduetara. "Seme zaharrena, Urtzi, (22 urte) oso ondo ari da". Iraitz (17 urte) Igeldoko harria adin txikienarekin jaso duena da, 17 urterekin jaso zuen; utzita egon da, baina aurten Bizkaian harri baldar batekin eta erakustaldi pare batean atera da. Beñat (12 urte) Azkorteko festatan eta Mutrikun aritu da, aurreneko aldiz herritik kanpo”.
Etxean denak aritzen badira ere, -Igeldoko harria Luis Mari, Urtzi eta Iraitzek jasota dute- ez dio kirolari etorkizun onik ikusten. "Baserria galtzen ari den bezala kirol hau ere galtzen joan da. Betidanik baserriko mutilek egin dute, izan dira saiakerak herrietan eskolak jartzeko baina ez dute tiratu".
"Kirol honetan txarrena da kategoriarik ez dagoela” dio Telleriak. “Halterofilian, boxeoan edo judoan pisuaren arabera mailak daude eta hemen ez dago, 20 edo 50 kilo gehiago dituztenekin aritu behar duzu. Horrela zaila da". Berak 200 kiloko harria altxatua du, bere pisuaren hirukoitza, eta harri jasotzaile bakoitzak bere pisuaren bikoitza altxatu behar zuen proban dauka bere markarik onena, 140 kiloko harriarekin.
Aimar ondo ikusten du Telleriak igandeko desafioari begira, baina Izetaz ere kontu bera diote. "Lehia gogorra izatea espero dut, ea apustu ona ateratzen den".