Dantza garaikidea kalean ikusgai

Txintxarri 2008ko irailaren 26a

Maider Oiartzabal dantzari lasarteoriarrak Asier Zabaleta koreografoarekin lanean ari da III.Dantza Hirian jaialdian. Jaialdi hau mugaren bi aldeetan ospatzen da eta hilaren 19an Donostian hasi eta 27an, bihar, Baionan amaituko da. Maiderrek Bihar jaio nintzen lanean dantza egingo du Baionan arratsaldeko 18:00etan, Lacarre Plazan.

Maiderrek kontatu digunez, Asier Zabaletak euskal dantza eta dantza garaikidea uztartu ditu Bihar jaio nintzen lanean. “Uztarketa oso ona egin du. Tradizioaren eta garaikidearen lenguaiak oso ondo ezagutzen ditu, ez bakarrik pausoak, espazioa, denbora... Uztarketa oso naturala atera da eta hori izan da jendeari gehien gustatu zaiona".
Dantza Hirian ekimenak dantza garaikidea kaleratzen du eta aurten Ertza, Asier Zabaletaren konpainia hirugarren edizio honetan parte hartzeko gonbidatu dute aterpean programarako eta hiru emanaldietan presente egongo den bakarra izango da: “ekimen honek aurrerapauso bat eman du aurten”, dio Maiderrek, “hau da, konpainiak hilabeteko epea du lan bat sortzeko, lantzeko eta kaleratzeko. Hilabetez lau ordu eta erdiz aritu gara entsaiatzen egunero, asko dirudien arren, oso gutxi da".

Dantza kalera
Dantza Hirian jaialdiak dantza garaikideko lanak aurkezteko kalea hartzen du eszenatoki. Dagoeneko bi saio egin ditu Maiderrek Bihar jaio nintzen lanarekin, bat Donostian, bestea Irunen eta harrera ona izan dutela azaldu digu: “oso esperientzia positiboa da kalean dantza egiteak, gertutasun handia dago publikoarekiko eta harreman berezia sortzen da. Donostiako emanaldia oso jendetsua izan zen. Jendeak badaki gu talde gonbidatua garela eta nabaritzen zen lan hau ikusteko interesa zutela. Jendeari asko gustatu zaio”.
Maiderrek koreografoak Baionan antolatu zuen hiru egunetako audiziora aurkeztu zen. Asierrek lau interprete besterik ez zituen behar eta horien artean lasarteoriatarra aukeratu zuen. "Koreografo heldua da eta pribilegio bat da Asierrekin lana egitea. Badaki interprete bakoitzari zer eskatu, bakoitzaren puntu fuerteenak ikusten eta ateratzen daki. Nik inoiz ez dut jende aurrean abestu eta lan honetan abesten jarri nau".•