Bi mila lagunek erabili zuten aurreko astelehenetik ostegunera bitartean hiri-busa, Artelatz Udalarekin batera Mugikortasun Iraunkorraren astea antolatzen aritu den Ingurugiro-Zerbitzuen kooperatibak emandako datuen arabera. Mikel Urruzola Artelatzeko arduradunak adierazi digunez, espero zena baino askoz gehiago erabili da. “Goizean goizetik ibili dira herritarrak hiri-busean, lehenak, institutura eskolara joaten diren gaztetxoak, gero eguerdi aldean ere nahikoa erabili da eta batez ere 6etatik aurrera 9ak bitartean izan du bidaiari kopuru handiena”.
Nobedadea
Urruzolak aitortzen du asko izan direla doan delako eta nobedadeagatik erabili dutenak, baina hori ere, zerbitzu hau ezagutzera ematea alegia, izan da Mugikortasun Iraukorraren astean hiri-busa probatzearen helburuetako bat. Beraz balorazio oso baikorra egin dute antolatzaileek. Zabaleta auzokoek erabili dute gehiena, Antxisukoek ere asko erabili dute eta Zumaburuko geralekuetan ere herritar asko igo dira autobusera. Uste baino gutxiago erabili dira osasun-etxe aurreko geralekua eta Goiegikoa.
Ostegunean arratsaldeko 6etan hartu genuen Hiri-busa Zaharren Etxe aurrean Oria alderantz. Beteta zihoan eta nahiko lan zuen Amaia Otazua Artetatz-eko teknikariak erabiltzaileen datuak biltzeko. Hauen ezaugarriak, adina, eta nondik nora zihoazen jaso zituzten ostegunean, bi teknikarik, gero datu horiek aztertu eta zerbitzua jartzen bada erabiltzeko.
Erabiltzaile gehienek uste dute, batez ere Zabaleta eta Antxisukoek beharrezko zerbitzua dela. Antxisura bidean emakume heldu batek gogoratu zigun 15 urte daramatzatela zerbitzua eskatuz eta berriro sinadurak bildu behar badira bilduko dituztela.
Asko dira zaharrentzat, ibiltzeko zailtasunak dituztenentzat oso erabilgarria izango dela ziotenak. Bikaina, pozgarria, oparia, zoragarria, oso ona, primerakoa, denetariko erantzunak jaso genituen zerbitzuari buruz, denak aldekoak. Gainera, aurreko astean ez zen ordaindu beharrik, baina gehienak ordaindu behar bada ere erabiliko dutela esan ziguten.
Baina badira onura sozialari begiratzen diotenak ere, ume batekin Antxisutik erdialdera zetorren emakume gazte batek zera esan zigun, hiri-busa martxan jartzearekin Lasarte-Orian auto gutxiago badabil askoz hobe, gutxiago kutsatuko dela eta dabiltzanak lasaiago ibiliko direla.
Gidarien zailtasunak
Autobusean bi Amaia topatu genituen, Amaia Otazua erabiltzaileak kontatu eta euren datuak jasoz eta Amaia Muñoz gidari. Gidariak kontatu zigun normalean baino jende gehiago dabilela eta zailtasunak zituztela itzulia ordu erdian, atzerapenik gabe, egiteko. Baina bere ustez ordu erdiro izatea ondo dago, zerbitzu on bat eman nahi bada eta gero, martxan jartzen denean, jartzen baldin bada, ordutegia beteko dutela. Amaia gidariak esan zigun pazientzia handiko pertsonak behar direla hirietan lana egiteko, lan zaila dela, jende asko dabilelako.
Itzuli osoan joan zen autobusa beteta. Batzuek zioten pisuarekin doazenean edota euria ari duenean erabiliko luketela. Beste batzuek, beti. Zabaletara igo zirenak eta bertan hiri-busa hartu zutenak, esaterako: zoratzen zeuden hiri-busa jarriko duten esperantzaz. Auzotar batek esan zigun denda txiki bat bakarrik dela auzoan eta enkarguak egitera jaisten direnean autoa eta karrotxoa hartu beharra dutela, hipodromoan edota Sasoetan aparkatu eta erosketak egin. Beste baten ustez jendeak erabiliko luke, jende heldu asko baita auzoan, autorik ere ez duena. Hirugarren batek zioen, autoan jaitsita ere ez dagoela erdian aparkatzerik, eta adindu asko daudela jaisterik ere ez daukatenak.
Zabaletan, saltsa
Auzotar batek aitortu zigun egunero erabili duela eta beti bete betea ikusi duela Zabaletan. Beste batek aipatu zigunez poz handia eman die, saltsa izan dute auzotarren artean autobusa dela eta. Honek esan zigunez Udalari egingo dizkioten eskaeren artean daude malda erdian geraleku bat jartzea inguru horretan bizi direnentzat eta ahal bada ordutegia luzatzeko proposamena, hau da azkena ez dadila 8.30etan izan, beranduago baizik.
Berriro Oria aldera abiatu eta bidaiari bat erdiguneko merkatarietaz gogoratu zen, hiri-busari esker hobera egingo dutelako. Lasarte erdian aparkatzeko zailtasunen ondorioz, merkatalgune handietan erosteko joera ugaritu baita.
Ume koxkorrarekin zihoan emakume baten ustez beharrezkoa da. Oriatik erdira joango litzateke oinez baina gero iluntzean umearekin bueltatzea gogorragoa egiten zaio. Autobusik ez denez, autoan egin ohi du joan etorria. Ondoan beste emakume batek bere alaba elbarriak asko erabiliko lukeela kontatu zigun. Berak pisuarekin baldin badabil, soilik.
Autobusen garajean txoferra aldatu zuten. Amaia jaitsi eta Jesus Zubeldiak hartu zuen. Egunero gidatzen zuen azken orduan, erabiltzaile gehiena zebilenean. Bete beteta joan dela kontatu zigun, batez ere azken itzulietan eta denboraz justu xamar ibili direla, aurre ikusitako ordutegia baino beranduago.
Antxisun telefono dei bat jaso zuen gidariak, erabiltzaile batek deitu zuen hurrengo egunean goizeko bederatzietan Arranbideko geralekura busa joateko eskatuz. Bista eder eta Arranbiden hartzeko telefonoz deitu behar zen.
Herriarentzat ona
Besteak beste, adindu batzuek sartu ziren Antxisun. Gizona aparkatzeko dauden arazoetaz mintzatu zen: "Herriarentzat dagonik onena izango da, aparkalekuak ere gehiago izango dira". Emakumeak oso ondo datorkiola esan zigun, batez ere erosketak egiten dituenean autorik ez du eta batzutan Donostiako autobusa hartu behar izaten du, baina gutxitan, "berdina pagatzen dugu Donostiara joan ala Lasartera joan. Beraz herriko autobusa jartzen bada eta merkeagoa bada, erabiliko dugu". Emakumeak aipatu zigunez Donostiako autobusak Oriako kaperan uzten ditu eta handik ere oraindik bide luzea dute etxera. Adinduentzat gerta zitekeen onena litzateke bere ustez. Gauza on asko ikusten dizkio emakumeak, Oria eta Lasarte lotuko dituela ere esan zigun. Antxisukoekin batera jaitsi ginen gu ere Udaletxe ondoan eta Zabaletarantz abiatu zen egun hauetan bizitza handia izan duen autobusa.
Astelehenean martxan jarri zen egunean, 373 lagunek erabili zuten, asteartean 553k, asteazkenean 635k eta ostegunean 571k. Ostiraleko daturik ez genuen lerro hauek idazterakoan, baina egunero bataz beste 500 lagunetik gora igo dira hiru-busera, bultzatzaileek uste zutena baino askoz gehiago.•