Zenbat aldiz justifikatu dugu "ohitura" hitzez bi euskaldunen erdarazko hizketa? Zoritxarrez, sarritan.
Euskaldunok egiten ez dakiguna. Guk euskaraz egin nahiz eta parekoak erdaraz erantzun. Eta hortxe galtzen gara.
Hain naturaren aurkakoa iruditzen zaigu egoera hau, hain edukazio txarrekoa, ezin dugu egoera hori mantendu eta bigarren hitzerako guk egiten dugu espainolez. Gure hizkuntzarekiko sumisioa izugarria da.
Inoiz ez dugu inor gurera erakartzen, beti amore ematen dugu. Batzuetan kontzienteki eta horrek gaizki sentiarazten gaitu. Eta amore ematen ez dugunean ere ez gara eroso sentitzen. Egoera bortxatzen ari garen zentzazioa dugulako.
Jarrera honekin mesede gutxi egiten diegu beraien burua euskalduntzen hainbeste ahalegin egin dutenei.
Poliki hitz eginez, hasieran pazientzia pixka batekin, baina egoskor xamar mantenduko bagina gurean, betirako lagun euskaldun bat izango genuke eta berari egindako ahaleginaren asea geratuko litzaioke.
Argi dago hizkuntza ikastea baino zailagoa dela hitz egiteko ohitura hartzea.
Sarritan saiatu gara multzoan euskara irakasten baina gutxitan pertsonak euskaldun izan daitezen.
Frustrazio handia behar du hainbat urtetan euskara ikasten aritu eta inoiz ez euskaldun izatera iristea.
Euskara ama hizkuntza dugunok zor handi bat dugu beraiekin.
Beraien bizitzan, etxean, lantokian, lagunartean...euskaraz egin ahal izaten lagunduko bagenie....
Bai txindurri lana da hasieran baina domino baten efektua lor dezakegu.
Gaur egun gehienek dute lankide bat, bizilaguna, haurrak, beste gurasoak, bikoteak... euskaldunak. Horiek ere inplikatu beharko genituzke euskalduntze horretan. Tratuak egin beraiekin. Helburu txiki eta lorgarriak markatu eta jarraipena egin ea nola moldatzen diren. Hortxe dago domino efektua.
Bestalde, helduentzat sortzen diren aisialdi ekintza euskaldunetan integratzen saiatu behar dugu. Bide hau batzuk naturaltasunez egin dute. Antzeri eskolan, koruan, Oinatz taldean antolatzen ditugun ikastarotan. Makillajea, batukada, taloak...
Aurrerantzean ere hala behar duela uste dugu. Euskaldunak dauden jardunetara etortzera animatu. Zenbat eta ordu gehiago eskaintzen dioten euskararen erabilerari, lehenago lortuko dute helburua.
Iazko ikastaroan bikotean aritzeko froga martxan jarri genuen eta oso ondo funtzionatu du. Behin hizkuntza mailatxo bat izan ez gero, astean behin ordubeteko saioa gustuko duten ekintza baten inguruan, oso harreman politak sortzen dira eta euskaldun berriak aurrerapen nabarmenak ematen ditu.
Solaskide tresna bat besterik ez da "euskaldun oso" berri hori denon artean lortzeko. Zubi lan bat. Bultzadatxo bat. Denbora epe batean, gero beraiek egingo dute bidea bakarrik.
Ikasturte honetan programa honetan aritzeko prest bazaudete, jarri harremanetan gurekin. Horretarako Ttakunetik pasa (Geltoki kalea 4) deitu telefonoz 943 37 14 48 edo galdetu euskaltegian.•