Nolatan hasi zinen akordeoia jotzen?
Emaztearekin jubilatuen korora joan ginen, solfeoa behar zela esan ziguten eta Kulturetxean izena emateko. Emazteak ez zuen nahi izan baina ni apuntatu nintzen. Gero ez zela beharrezkoa esan ziguten baina nik jarraitu egin nuen. Nere ilobak akordeoia jotzen zuen baina saldu egingo zuela esan zidan eta "nik erosiko dizut!" esan nion. Azkenean ez zuen saldu eta Orian erosi nuen bigarren eskuko bat 185.000 pezetagatik. Orduan hasi nintzen jotzen eta ikasten. Bi urtez aritu nintzen Kulturetxean ikasten, lehenengo urtean Iñigorekin solfeoan eta hurrengo biak Aitor Lasarekin akordeoia jotzen.
Hori duela zenbat denbora izan zen?
79 urterekin hasi nintzen eta orain 85 dauzkat, urte bat solfeoan eta beste bi akordeoia ikasten ibili nintzen eta emaztea hil zenean utzi nuen eta hori da ikasi dudana. Baxuak jotzen ez nuen ikasi, maila horretara ez nintzen iritsi horregatik kontzerturako Lasak lagunduko dit baxuekin, bien artean egingo dugu.
Orduan asko pentsatu gabe hasi zinen, solfeoa lehenengo, gero ilobaren akordeoia hartu nahian...
Bai, beno, betidanik gustatu izan zait akordeoia baina inoiz ez dut izan ikasteko aukerarik eta orain bi dauzkat. Ikasketak utzi nituenean Oriara joan eta 370.000 pezetako berri bat erosi nuen.
Beraz, asko gustatzen zaizu, ez da?
Bai, egunero ordu betez jotzen dut neure kabuz. Egun hauetan ere Aitorrekin aritu naiz entsaiatzen jaialdiko pieza, Maritxu. Astean behin bildu gara entsaiatzeko.
Ondo moldatzen zarete elkarren artean.
Bai, oso ondo moldatzen gara, oso jatorra da. Baina Lasartetik alde egin zuen Billabonara eta orain han ematen ditu klaseak.
Zein da gehien gustatzen zaizun pieza?
38 inguru jotzen ditut eta denak gustatzen zaizkit. Batzuk besteak baino hobeto jotzen ditut baina denak ditut gogoko.
Zaila izango da akordeoia jotzen ikastea?
Bai, beno neri orain ez zait zaila egiten. Hasieran beti da zailagoa, solfeoarekin jo behar genuen eta zaila zen teklak jotzea partitura begiratzen zenuen bitartean.
Tekla asko dauzka gainera akordeoi batek!
Bai, 120 baxu eta beste aldean hirurogei bat, horiek dira nik jotzen ditudanak. Trikitixa jotzea pixka bat errazagoa da txikiagoa delako eta tekla gutxiago dauzkalako.
Zenbateko pisua dauka?
Nik dauzkadanek 9 kilo dituzte, baina badaude handiagoak.
Bi akordeoi dituzu, zein da hobea zaharra ala berria?
Neri zaharraren soinua gustatzen zait gehiago, baina berria modernoagoa da. Zaharrak soinu politagoa dauka baina esan didatenez hori erabileragatik da, denborarekin soinu politagoa edukitzen dute. Beraz, berria erabili egin behar da.
Musika gustuko duzu, jotzeaz gain entzun ere egiten duzu?
Bai, baina gehiengoa akordeoi musika da, adibidez, Kaxiano, Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Iker Goenaga eta Iñaki Bizkai, azken honen musika zoragarria da.
Abesti bat aukeratu beharko bazenu...
Ez nuke jakingo... bat aukeratu beharko banu Iñaki Bizkaien bat aukeratuko nuke. Oso politak dira, ni baten bat jotzen ikasten ari naiz.
Beste zaletasunik ba al daukazu?
Bai, akordeoiaz gain bizikletan ibiltzea gustatzen zait. Bizikletan asko ibili izan naiz. Trofeo asko dauzkat, ez dakit zenbat baina asko. Indurainen argazki bat autografoarekin ere bai, nere ilobak ekarritakoa. Eman didaten azken trofeoa Lokeko bat da eta Michelinen eman ziguten beste bat ere maitasun handiarekin gordetzen dut, hango zikloturistak ginenekoa da 1970. urtekoa.
Sei urteetan Donostia-Candanchu egin izan nuen, Yesaraino lehenengo egunean eta bigarrenean Candanchuraino. Gero Candanchutik Lasarte-Oriara zazpi ordutan etorri ginen. Asko ibiltzen ginen garai hartan baina nere emazteari ez zitzaion asko gustatzen, arriskutsua da karreteran txirrindan ibiltzea eta beldurtu egiten zen.•