Antzerki Eskolak VII. ikasturteari hasiera emango dio

itziar-carrasco 2008ko irailaren 29a

Landaberri Antzerki Eskolak ikasturte berriari hasiera emateko bi antzezlan ekarriko ditu Lasarte-Oriara. Ostiralean 20:00etan Sagardotegi plaza inguruan zerbait arraroa ikusten baduzue, lasai eta jarraitu ikuskizuna, Txerriki taldekoak baitira. Usurbildarrek "Lider Berria" lana kaleratuko dute. Ondoren, 21:00etan Lakrikun antzerki taldeak "Greban gaude" antzezlana aurkeztuko du Jalgi kafe antzokian.

Gidoiak prestatzeko, koreografiak lantzeko eta trapuak ateratzeko garaia iritsi zaie Landaberri Antzerki Eskolakoei. Gaur bertan ekingo diote gaztetxoek VII.ikasturteari. Helduek, berriz, aste batzuk daramate entsaiatzen Euskararen Maratoia prestatzeko, beraz hauek martxa hartu dute dagoeneko.
Antzerki Eskola urtetik urtera handitzen eta sendotzen doa. Horren isla da, aurtengo ikasturtean izena eman duten ikasle kopurua, garaikidea egiteko, ia 300 antzezle eta dantzari, 27 taldeetan banaturik.

Adin guztietarako eskaintza

Aurreko urteetan bezala Landaberri ikastetxeko 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteek, eta helduek dantza garaikidea eta antzerkia egiteko aukera izango dute. Baina, aurtengo ikasturteak berrikuntza bat izango du: Landaberri eta Ttakun K.E.ak elkarlanean 16 urte gorako gazteei antzerkia eta dantza garaikidea egiteko aukera eskainiko diete. "Hamasei urteko gazteak DBHa amaitu eta Antzerki Eskolan jarraitzeko aukera eskaintzeko asmoz, Ttakunekin batera, gazteen taldea sortu dugu aurten", dio Kontxu Yarzak Eskolako kideak. Dagoeneko 30 bat gaztek izena eman dute bai antzerkia egiteko, bai dantza garaikidea egiteko.
Helduentzako eskaintzak aurten ere arrakasta izan du, herriko 40 bat lagun elkartu baitira taulara ateratzeko gogoz. Aurten, iaz bezala, bai antzerki eta bai dantzako taldeek goizez edo arratsaldez aritzeko aukera dute. Eskolako arduradunek azaldu dutenez, gazteen edo helduen taldean izena emateko epea irekita dago oraindik. "Eskolak beste gauzen artean, aisia euskara hutsean egiteko aukera eskaintzen du", diote arduradunek, "aurten ere, deialdi berezia euskaldun berriei egin nahi diegu, uste dugulako guztiontzat oso aberasgarria izan daitekeela".
Beraz, badakizue, gorputza edo lotsak astindu nahi izanez gero Landaberri Antzerki Eskolak eskaintza zabala du.

Herritik at

Iaz Antzerki Astean taularatu zituzten dantza eta antzezlan guztiek harrera ona izan zuten lasarteoriatarren artean. Baina, Garraxi Ixilak lanak arrakasta berezia izan du. Lan hau Andoainen estreinatu, ondoren herrian eskaini zuten eta gero etorri dira eskaerak herritik at: Zaldibi, Mutriku, Oiartzun, Usurbil, Azpeiti...
Antzerki Eskolaren arrakastaren errudunak ondorengoak dira: Maider Oiartzabal dantza garaikideko irakaslea; Mertxe Rodriguez eta Joxerra Fachado helduen taldekoak; Estitxu Garmendia, Amaia Tejeria, Bea Egizabal eta Kontxu Yarza txikien irakasleak eta Mikel Sarriegi gaztetxoen irakaslea.
Aurten gazteen taldeko arduradunak Enara Yeregi eta Uxue Loinaz izango dira. Orain arte Eskolako ikasle izandakoak.