Asteazkenean, Villa Mirentxun adinduen egun handia iragarri zuten Biyak Bat elkarteko lehendakariak eta idazkariak, Mertxe Galdosek eta Manolo Urdanpilletak, Ana Urchueguia Alkateak eta Gizarte Zerbitzuetako lehendakariak, Lurdes Acevedok.
Igandean, egun berezia izango da adinduentzako, “bizitza oso baten errekonozimendu publikoa” jasoko dutela adierazi zuen Lurdes Acevedok, “gure zaharrek atentzio berezia eta maitasun osoa merezi dute”. Honen harira, alkateak gehitu zuen “udalak gastu guztiak bere gain hartzen ditu eta gure adinduen bizi-kalitatearen alde lanean jarraituko dugu”.
Festa giroan
Ohiko mezarekin ekingo diote egunari. 10:30ean San Pedro elizan Xabier Andonegik emango du meza eta Alboka Abesbatzak eta Patxi Etxeberriak parte hartuko dute bertan. Erketzeko dantzariek eta Jon Lasak bere trikitilariekin elizako irteera girotuko dute. Ondoren, Biyak Bat elkarteko abesbatzak kantaldia eskainiko du Zero Sette Akordeoi Orkestrak lagunduta. Eta ordubiak aldera 900 pertsona bazkaltzeko elkartuko dira Michelingo frontoian. Bazkalostean, dantzaldiaz gozatzeko aukera izango dute.
Prentsaurrekoan aurreratu dutenez, MªDolores Toribio (93 urte) eta Villajos Gomez (90 urte) omenduko dituzte, bazkarira joango diren zaharrenak baitira. Aurten 80 urtetik gorako 40 herritar animatu dira bazkarira.
Biyak Bat elkartea
Mertxe Galdosek gogoratu zituen elkarteak antolatzen dituen ikastaro eta ekitaldiak: soinketa, dantza, aerobic... “joste eta puntu-lanak albo batera uzten ari gara eta bestelako iharduerak antolatzen ditugu”. Mertxek azpimarratu zuen adinduen garrantzia: “egun oso azkar bizi gara eta adindu askok beraien etxeetan lekuz kanpo sentitzen dira. Uste dut, adin bateko jendeari errespetua eta maitasuna zor zaigula”.•