Badakit lasarteoriarrak gogotsu ari direla euskararen maratoia prestatzen, aurten ere. Aurten erek esan nahi du (zenbat kostatzen den ERE ongi erabilaraztea) urteetan ari direla euskararen aldeko maratoia antolatzen, eta oraindik jarraitu beharra ikusten dute. Nik esango nuke, honezkero, ez luketela inoiz bertan behera utzi behar, ezta Lasarte-Oria osoa euskaldundutakoan ere. Ibilaldi luzearen amaieran, herri osoaren festa handi eta alai bilakatu beharko luke. Orduan errazago izango da urtero ospatzea, orain lau urtez behin egitea baino.
Herri osoa maratoiaren
bidean jarririk dago,
nahiz eta duen lan egin baino
ospatzea nahiago,
baina hori ere iritsiko da
uste baino garaizago,
ozen deitzeko: "Lasarte-Oria
erdalduna zen lehenago!"
Euskaltegien aurtengo ikasturtea irekitzeko ekitaldian, David Crystal galestarra izan genuen hizlari Miramar jauregian. Hizkuntza minorizatuen egoeraz eta sustatzeko beharrezkoak diren ekintzaz mintzatu zitzaigun. Batetik, ezinbestekoa omen herriaren bultzada; bestetik, bertako instituzioen laguntza, eta, azkenik, nazioarteko erakundeen onarpena.
Ados. Baina herriari ez dago eskatzerik etengabe, in eternum, militante izaten jarraitzeko. Noizbait pasatu beharko dugu euskaraz mintzatzea ekintza kontzientea izatetik inkontzientea izatera, oharkabean euskaraz aritzera. Hori lortzen ez den bitartean ez dago normalizazioaz mintzatzerik, eta Patxi Bastarrikak aldarrikatu zuen "elebitasun perfektua" erdiesterik, elebitasun perfekturik izan badaiteke.