Eskaintza ugaria Gazte ikastaroetan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 3a

Lasarte-Oriako gazteen aisaldirako eskaintza iaz handitu zen, Gazte ikastaroak sortu baitzituen Gazteriako sailak. Esperientzia ona izan dela ikusita, hurrengo hiruhilabeterako ere ikastaroak antolatu dira eskaintza gazteagoa eginez. Honela, breakdance, yoga, patinajea edo makillajea ikasi daiteke Manuel Lekuona kultur etxean. Izena emateko epea irekia dago eta urriaren 8a da azken eguna.

2008ko azken hiruhilabeteko gazte ikastaroak aurkeztu ditu Gazteria sailak.
Breakdance, sendabelarrak, erreflexoterapia, batuka, makillajea, perkusioa, erlaxatzeko teknikak, bisuteria, sabel-dantza, yoga, patinajea, haur tailerrak eta funkya, era eta gustu desberdinetako ikastaroak beraz.
Jesus Maria Zaballos saileko buruak aipatu duenez, antolatu dituzten ikastaro berriekin eskaintza gazteago bat egiten saiatu dira.
Eta honetaz gain, aurreko hiruhilabeteetako ikastaro kopurua handitu du Gazteria sailak.
Urriatik abendurako iraupena izango dute eta astean behin emango dira kultur etxean. Astean zehar arratsaldeetan 19:00etatik 21:30etara eta berrikuntza bezala 9:30etatik 13:30etara larunbata goizetan. Honen harira Zaballosek zera esan digu, larunbata goizetako ikastaroak astean zehar lanean daudenek aukera izateko antolatu direla.

Harrera ona
Gazteria eta Festak saileko ikastaroeen eskaintzari ongi erantzun diote gazteek eta honen erakusle aurreko hiruhilabeteko 72 ikasleak dira.
Orduan sabel-dantza, batuka, erreflexoterapia, emozio-adimena eta tarota uztartu ziren, baita 15 urteko gazte talde batek perkusioa ikasi ere.
Eta, igorri dituzten datuen arabera, dantzarekin zer ikusia duten ikastaroak, hau da, sabel dantza eta batuka dira arrakasta handien duten ikastaroak. Oraingoan eskaintza ugaritu dute eta ikasle zenbakia handitzea espero dute.
Prezioa eta izen ematea
Gazte Ikastaroetan matrikulatzeko epea dagoeneko irekia dago.
Honela, ikastaro bakoitzaren prezioa 41,20 eurotakoa da Lasarte-Orian erroldatuak dauden gazteentzat eta 77,75 eurotakoa erroldatu gabeentzat.
Ez ahaztu Lasarte-Oriako gazte txartela dutenek %10eko beherapena izango dutela.
Beraz, interesa dutenek urriaren 8ra arte dute gazteentzako informazio bulegora gerturatu eta izena emateko. Anima zaitezte.•