Guaraná pop taldea Lasarte-Orian izango da bihar. Alacanteko bikoteak De lao a lao disko berria aurkeztuko du Andatza plazan 23:00etatik aurrera eskainiko duen kontzertuan.
Baina azken diskoko hamahiru abestiez gain, aurreko lanetatik berreskuratutakoak ere entzuteko aukera egongo da, hala nola, En la casa de Ines abesti famatua.
Ekimena Udaleko Gazteria eta Festetako sailak antolatzen dituen zita musikalen baitan kokatzen da eta kasu honetan sarrera doakoa izango da.
Bosgarren diskoa
De lao a lao taldearen bosgarren diskoa da 2000 urtean beren lehen lana argitaratu zutenetik, El efecto Guaraná. Taldekideek, Juanra Arnaiz eta David Navarrok ekoiztu dute eta Melendiren laguntza izan dute abestietako batean.
Beren soinua mediterraneoko rocka edo rock latinoa bezala definitzen dute eta ohikotasunean inspirazio hartu dutela azaldu dute, beren lagunek kontatutako istorioetan.
Zita musikalak
Gazteria eta Festa sailak antolatzen dituen zita musikalen helburua lasarteoriarren musika eskaerak asetzea da eta ahalik eta estilo gehienak bere baitan hartzea. Modu honetan Udalak jarraipena eman nahi dio orain dela urtebete Despistaos taldearen bisitarekin sortutako aurrekariari. Izan ere, kontzertu horretan gazte ugari bildu baitziren Andatza plazan.
Honen ostean udalerrian izan dira beste batzuen artean, Pedro Javier Hermosilla, Ismael Serrano edo Ken Zazpi. Eta guztien emanaldiek harrera ona izan dute lasarteoriarren artean. •