Bost gune prest dauzkate ikastolako antolatzaileek Irura eta Anoetan barrena igandean Kilometroak ospakizuna burutzeko. 6,5 kilometroko ibilbidean sakabanatutako guneetan hainbat ikuskizun eta ekitaldi berezi eskainiko dira ospakizunera hurbiltzen direnentzat. Leire Etxarri lasarteoriarra Iruran bizi da eta berak eman digu jai-egunaren antolaketa eta helburuen berri.
Zer egongo da igande honetan Iruran?
Jai giroa, euskal giroa eta ikastolen aldeko festa handia.
Nolatan erabaki zenuten festa antolatzea?
Ikastola txikia da Irurakoa, Herriak 700 biztanle izan ditu eta orain 1.400era pasa da, bikoiztu egin da. Beraz, ikastolako haur kopurua handitu egin da eta ez ginen sartzen.
Haur txikiak Udalaren lokal txiki batean zeuden, handiagoak beste batzuetan, udal liburutegia eta barrakoi aurrefabrikatu bat erabiltzen ziren, jangela eta ordenagailuentzat udalaren eta apaiz-etxearen aretoak,... handitzeko edo berri bat eraikitzeko beharra zegoen. Edifizio berria egin da lehen hezkuntzako haurrentzat. Txikiek lehengo eraikinean segituko dute eta lehen hezkuntza doa berrira.
Nola doa antolaketa?
Lan talde asko egon dira lanean, dena borobiltzeko, trafikoa, zirkuitua, ikuskizunak, dendak,... ni horretan aritu naiz, arroparekin. Diru-iturri ona da, denda finko bat daukagu zabalik eta denda ibiltaria, astebururo dabil festaz festa arropa saltzen.
Zer nabarmenduko zenuke egitarautik?
Zirkuitua bost areatan banatuta dago, eta gune bakoitzean giro ezberdina dago, gazteentzako gunean kontzertuak izango dira, haur eta familientzat beste gune bat prestatu da eta abar. Arearen arabera gauza ezberdinak antolatu dira.
Trena erabiltzeko eskatu du antolakuntzak, Lasarte-Oriatik joan behar direnentzat, zein aholku ematen dituzue?
Batetik autobus gehiago egongo dira, eta bestetik norbait bizikletaz joatera animatzen baldin bada, aurten nobedade gisara bizikletak uzteko lekuak izango dira, bizikletentzako parkingak. Beste nobedade bat izango da aurten haur txikiak dituzten familientzat toki bat izango dela bi gunetan, bularra emateko edo pardelak aldatzeko.
Dena prest dago beraz, orain eguraldi ona egitea falta. Begiratu al dituzue aurreikuspenak?
Ona egingo du. Duela egun batzuk emandako prebisioak aldatzen ez baldin badira ona egingo du.
Aurreko egunetan egongo al da zerbait?
Lan asko, je je.
Beste zerbait gehitu nahi?
Eguna badator, bost gune dira era guztietako ikuskizunak dauzkagu antolatuta, ume, gazte, heldu,... hurbiltzen diren guztientzat. Gonbidatuta zaudete denok.
Hirugarren asteburua jai giroan
San migel da Irurako patroia eta bi asteburu festatan pasa ondoren jai-giroak jarraituko du igandean Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jai eguna egingo baita bertan. Bost gune izango dira Irura eta Anoeta artean prestatu duten 6.5 kilometroko ibilbidean.
Lehenengoan, Irurako ikastolan, haurrentzat Patxin eta Potxin pailazoak, Betizu gunea, Txan magoa eta JonMagic, Poxpolo eta Mokolo pailazoak,... Katategi izeneko bigarrenean gazteentzat kontzertuak eskainiko dira: Zea Mays, Deabruak Teilatuetan, Obrint Pas, Trikizio eta Betagarri. Anoetako plazan denetik izango da, jolasak, dantza, Jone, Desordutan, Che Sudaka eta Tapia ta Leturia, Anoetako ikastolako laugarren gunean euskal jokoak, Mak, Mamba Beat eta Amaiur, eta Irura herriko bosgarrenean dantzak, Xurdin, Hipo eta Tomax pailazoak, Samar, DJ Makala eta Laket.
Lehen gunean, Irurako frontoian, sagardotegiko menua eskainiko da, 3.gunean Anoetako frontoian Kmk menua, marmitakoa eta biribilkia, eta 4. gunean Anoetako kiroldegian Eraikitzen menua, Paella eta baserriko oilaskoa.
Ttakun-ek urtero antolatu ohi du autobusa Kilometroak-era hurbildu nahi dutenentzat, baina Iruran izanik eta autobus zerbitzua indartuko dela jakinik ez du autobusik jarri. Hiriarteko autobusa erabiltzeko edo bizikletaz joateko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek.
Bailararen parte-hartzea
Iruraren kasuan herri kohesioa da antolatzaileak bilatzen duten helburuetako bat. Tolosaldeko hainbat lagun ariko dira lanean. Irurak azken urteetan aldaketa handia jasan du, 700 biztanletik 1.400era pasa da. "Lo egiteko hiri edo ciudad dormitorio bihurtzen dira horrelako herriak askotan eta lortu nahi duguna da jendea herria asentatu dadila, gure seme-alabak herrian hazi eta hezi daitezen". Dena den, herri txikia da, 23 urtetan kilometroak jaia antolatu duten herri guztien artean txikiena. "Herrian 1.500 lagun gara, honelako festa baten antolaketak 1.500-2.000 pertsona inguru behar ditu egunean bertan eta egin duguna da ingurua inplikatu. Iruran lehen hezkuntza egiten dute, bigarrena Anoetara pasatzen dira, eta azkenik Tolosan bukatzen dute. Beraz bailara inplikatu egin dugu. Logotipoa ikusi baduzue, lau-buru edo hiru-buru antzekoa da. Hori isladatu nahi izan dugu".
.•