360 ordu falta dira, 40 orduko erronkarako

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 3a

Larunbata gauean zortzikoteko gizonek egindako strip-teasearen irudia buruan daukagu oraindik, baita Okendo plaza osoa Bero-Bero abestia dantzatzen ere. Atzo izan zela dirudi, baina dagoeneko lau urte pasa dira eta bi aste besterik ez dira falta Euskararen 7. Maratoirako.
Horregatik, herritarrak girotzen hasteko Ttakunek Maratoiari buruzko erakusketa antolatu du Jalgi kafe antzokian.
Era honetara, batetik herritarrek gogoan dituzten 6. maratoiko momentu ugari iruditan ikusteko aukera izango da eta inoiz bizi ez dutenentzat maratoiaren muinaren ideia izateko balioko dute.
Argazkiez gain, Euskararen 7. maratoiako muxuak ere bertan egongo dira. Ezin dugu askorik aurreratu, baina garrantzia handia izango dute urriaren 18 eta 19an.
Eta, gainera, 2008ko edizioa prestatzen hasteko aurtengo leloa duten haur eta helduentzako kamisetak egongo dira Jalgin.

Web orrialdea
Baina maratoiari buruz gauza gehiago jakiteko edo pixkanaka giroan sartzeko beste era bat ere badago, www.euskararenmaratoia.com web orrialdea.
Bertan CDko zazpi abestiez gain, zortzikoteari buruzko informazioa dago, maratoiaren bideo klipa, beste ediziotako argazkiak, aurtengo proben nondik norakoak... Gainera maratoia aurrera eramateko laguntzaile moduan edo probetan izena emateko aukera dago.

Bi proba nagusiak
Honela, ez ahaztu korritzekoa modukoa den maratoi honetan etenik gabeko bi erronka ditugula, Tiriri Tarara Teresategira! eta Baietz 7 aldiz korritu maratoia! Helburua Euskararen 7. Maratoia Okendotik atera eta herrira zabaltzea.
Laburki: Tiriri Tarara Teresategira! probaren erronka, igande gauean oholtza gaineko saskian 40 pinu kozkor egotea da. Horretarako partehartzaileek Teresategi mendira joan, pinu kozkorra bildu eta oholtzan entregatuko dute. Ibilbidea markatuta egongo da, beraz ez da inor galduko. Errelebo gisa motxila bat eramango dute taldeek. Eta txanda bukatutakoan, hurrengo taldeak motxila hartu eta Teresategira!
Bestalde, herri barruko 2 kilometroko zirkuituan egingo da Baietz 7 aldiz korritu maratoia! 7 maratoi bete beharko dira eta hauen hasiera ordu finkoan eta oholtza gainean egingo da. Maratoi bakoitza talde batek egingo du baina bidean edonor gehitu daiteke martxara, hau da, bakoitzak nahi duen zatia egin dezake, nahi duenean sartu edo atera.
Bi erronka hauetan parte hartzaileak taldeka antolatuko dira txanda ezberdinetan eta horretarako ordutegiak prestatu dira.
Lehen deialdia egin zenetik talde eta herritar dezentek eman dute izena bi probatan. Hala ere, txanda batzuk geratzen dira libre.
Izen ematea web orrialdean edo Ttakunen egin dezakete taldeek eta bietan egokien duten txanda aukeratu dezakete.

Laguntzaileak
Era berean, aurtengo edizioan Ttakunek otordu guztiak Okendo plazan egiteko aukera emango duela gogoratu nahi du.
Honela, maratoian parte hartzeko era asko dagoela azaldu nahi dugu, esate baterako, probetan murgildu, otorduetan eta otordu osteko saioen ikusle izan edo maratoian parte hartuko duten elkarteetako kide izatea.
Baina, lehen aipatu bezala, beste modu bat ere badago. Izan ere, garraio lanak, dekorazio lanak edo begirale lanak egiteko, dendan egoteko edo otorduetako mahaiak prestatu eta larunbateko afaria zerbitzatzeko laguntzaileak behar baitira.
Erreportaje honetan aipatutako guztiari buruzko informazio zehatza eta osoa www.euskararenmaratoia.com web orrialdean duzue.
Anima zaitezte eta era batera edo bestera Euskararen 7. Maratoian parte hartu!•