Anduri zaldi lasarteoriarra bikain ibili da Europako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 3a

Txapelketa ona egin zuen joan den asteburuan Anduri zaldiak. 28. postuan egon zen ibilbidearen zati batean baina azkenean errekuperatu eta hemeretzigarrena lortu zuen. Maila handiko beste zaldi eta zaldizkoen artean ibilita emaitza ona da lortutakoa. Froga gogorra izan zen ibilbidearen zailtasunagatik, egiten zuen beroagatik eta gainera lehenengo postuak eskuratu zituzten parte hartzaileek jarri zuten erritmoagatik.

Anduri" Odol garbiko zaldi arabiarrak hemeretzigarren postua lortu zuen Europako Zaldizko Gazteen Raiden Txapelketan Joan den irailaren 27an.
Oviedoko Asturcon zaldi-zentruan ospatu zen txapelketa 62 parte hartzaileekin, hauek hamabost herrialde desberdinetatik etorritakoak (Alemania, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Britania Handia, Holanda, Hungaria, Italia, Lituania, Norbegia, Portugal, Txekiar Errepublika, Suezia eta Suitza). Horietako bat, "Anduri", Xabi Etxezarreta eta Bakartxo Irazusta lasarteoriatarren Muxala zalditegiko zaldia da. 28. postuan egotera heldu zen baina errekuperatzen joan eta azkenean hemeretzigarrena izan zen Anduri eta Pere Llorens Kataluinako zaldizkoak lortu zuten postua.

Maila handiko parte
hartzaileak
Lasterketa arratsaldeko 7:30ean hasi zen eta helmugara lehenengo iritsi zena "Lamiah el Oued" zaldia izan zen Lucie Marin zaldizko frantsesarekin. Bigarren postua baita ere Frantziako "Spiga" zaldiak eraman zuen eta hirugarrena Belgikako "Kalah Grey"-k .
Maila altuko lehiaketa izan zen eta bikain aritu ziren Pere Llorens eta Anduri. Ibilbideak zeuzkan 120km-ak egiteko 11 ordu eta 11 minutu eman zituzten 13,51Km orduko bataz besteko abiadurarekin. 11,20 minutu behar izan zituen errekuperaketa egiteko ibildean zeuden mediku azterketa ezberdinetan.
Lehenengo fasean 22. postuan eraman zuen Pere Llorensek zaldia, bigarrenean 28 postua arte atzeratu ziren, ondoren, hirugarrenean, bat errekuperatu eta 27. postuan ibili ziren, laugarrenean 22. postua errekuperatu zuten eta azkenekoan 19. posturaino heldu ziren.

Ibilbide neketsua
Txapelketa gogorra izan zen eta horren erakusle da froga bukatu zuten zaldi kopurua, 36 zaldik bakarrik bukatu zuten froga hasi zuten 62tik. Ibilbideak mendi aldapa gogorrak zeharkatzen zituen eta gainera tenperatura altuak jasan behar izan zituzten zatirik gogorrenetan, ibilbidearen azken zatietan. Lehenengo sailkatuek erritmo gogorra ezarri zuten gainera hasieratik eta horrek oraindik zailagoa egin zuen txapelketa zaldientzat.
Zaldi lasarteoriatarraren emanaldia bikaina izan zen maila handiko zaldi europearrekin egin zuen lehian. Urteak pasa ditu zaldiak entrenamendu gogor eta maila handiko lehiaketetan parte hartzen horregatik merezi duen deskantsua hartuko du orain. Agian, aurreraxeago, zalditegiko arduradunen erabakiaren arabera, ikusi ahal izango dugu Anduri berriro lehian orain arte aritu den moduan, mailan goreneko lehiaketatan.•