Ogia erosteko oihalezko poltsak

Txintxarri Aldizkaria 2008ko urriaren 3a

Berriro erabil daitezkeen oihalezko poltsak erabiltzea bultzatzen duen kanpaina bat hasi du San Markos Mankomunitateak. Ogia saltzen den dendetan, 60.000 poltsa banatuko dira. Horrela, plastikozko poltsen erabilera gutxitu eta hondakinen sorreraren prebentzioa bultzatu nahi dute.

San Markos Mankomunitateak Zurekin egunero kanpaina garatu du AGIPAN Gipuzkoako okinen elkartearen babesa eta lankidetzari esker.
Mankomunitateak bitarteko baliagarri den oihalezko poltsa jarriko du herritarren eskura hondakinen sorrera gutxitzeko eta prebentzioaren aldeko kontzientzia sustatzeko.
San Markos Mankomunitatea osatzen duten 10 udalerrietan ogia saltzen duten dendei zuzendurik dago kanpaina eta helburu nagusia egunero ogia saltzean erabiltzen diren plastikozko poltsen eta paperezko bilgarrien erabilera gutxitzea da.

60.000 poltsa
Honela, herritarrei berriro erabil daitezkeen oihalezko 60.000 poltsa banatzea da kanpainaren jarduera nagusia; poltsa bat emango zaio bezero bakoitzari ogia saltzen den dendetan. Egunero ogia erostean poltsa hori erabiltzea bultzatu nahi da.
Poltsen banaketa egun berean hasiko da parte hartzen duten denda guztietan, urriaren 5ean, igandea.

Zozketa
Honetaz gain, berriro erabil daitekeen poltsarekin dendara joaten direnek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Saria bi pertsonarentzako afaria da Donostiako Arzak jatetxean. Txartel saritua eman duen dendak ere sari berdina jasoko du.
Zozketak notario aurrean egingo dira azaroaren 4an eta abenduaren 4an. Eta egun honetan amaituko da kanpaina.
Honetarako, parte hartzen duen denda bakoitzean, postontzi bat utzi da, eta bezeroek zozketan parte hartzeko betetako txartelak han bilduko dira. Gainera, etxeko poltsarekin ogia erostera joaten diren guztietan parte har dezakete bezeroek.
Azkenik, informazio-kartel bat eman da; horren bidez, kanpaina identifikatzea erraztuko da, eta denda bakoitzeko bezeroei gogoraraziko zaie kanpainan parte har dezaketela.•