Udazken festa ospatu zuten ostiralean Zabaleta auzoan. Urtero bezala, urriaren hasieran umeentzako ekitaldiren bat eta sardina jatea izaten da udazkenari ongi etorria emanaz. Aurten bideo emanaldi didaktikoa antolatu dute.
Julian Urkiola erlazainak erleei buruzko hainbat berezitasun jakinarazi zituen bere hitzaldian, nolakoak diren, zein garrantzitsuak eta zer egiten duten, bai erlauntzaren barruan eta baita naturan.
Gipuzkoako erlazainen lehendakari den Julian Urkiolak nabarmendu zuen erleek ez dutela soilik jateko eztia sortzen, sendagai moduan erabiltzeko hainbat produktu ere bai, eztia bera, argizaria, propoleoa, polena, opitozina (ziztada edo pozoia) eta jalea erreala.
Beste bideo baten bidez, erleen eta gizakien ikusmenari buruzko bitxikeriak eta zenbait xehetasun jakinarazi zituen. Izan ere, erlauntzaren barruan ilunpetan ikusteko gai dira erleak. Eta azkenik umeentzako, erle eta panpin baten arteko istorioa eskaini zuen.
Zabaleta auzora erleren bat eramateko asmoa zuen Julian Urkiolak, baina giro txarra egin zuenez ez zuen eramaterik izan. Giro onarekin erle gehienak loreetan lanean izaten dira eta orduan, gutxi daudenean errazago da erleren bat hartu eta garraiatzeko.
Bestalde, umeentzat opariz betetako bonbak jaurti ziren emanaldiaren aurretik eta gauean giro bikaina izan zen eta ondo pasa zuten auzokoek sardina janean.•