Ostadarreko Futbol Eskolak ekin dio denboraldi berriari

Txintxarri 2008ko urriaren 6a

Asteazkenean eman zioten hasiera Ostadar Futbol Eskolako arduradunek denboraldi berriari. Aurten zortzi eta hamar urte bitarteko hirurogei eta hamar futbolari inguru arituko dira futbolean trebatzen, asteazkenetan, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara. Eskolako arduradunen hitzetan, "esfortzu bat egin dugu aurtengo denboraldiari begira. Izan ere, eskaera eskaintza baino handiagoa zen eta haur batzuk kanpoan ez uztearren denak onartu ditugu".

Harrera ona
Ostadar Kirol Fundazioak iaz jarri zuen Eskola martxan eta oso harrera ona izan zuen haurren artean. "Zortzi eta hamar urte bitarteko haur asko nahi du futbolean jokatu eta Eskolak aukera bat eskaini die. Futbol Eskoletako taldeek ezin dute lehiatu, hala eta guztiz ere, urtean zehar topaketaren bat antolatuko dugu eskola desberdinen artean, haurrak elkar ezagutu dezaten", diote eskolako arduradunek.
Futbol Eskolaren helburu nagusia "haurrak kirolaren bitartez ondo pasa dezaten lortzea da". Arduradunek adierazi dutenez, "haurrak futbolean trebatzeaz gain, edozein kirola egiteko gorputza berotze eta luzatze-ariketak ezinbestekoak direla erakusten diegu, nahiz eta hau ez izan beraien gustukoa".•