Lasarte-Oriako Landaberri Antzerki Eskolak 2008-2009 ikasturtea hasi du eta hasteko ostiralean antzerki emanaldi bat antolatu zuen. Landaberri eta Usurbilgo Txerriki Antzerki taldeek harreman ona dutenez azken hauek kalean antzezteko prest duten Lider Berria lana eskaini zuten Sagardotegi kalean arratsaldeko 8etatik aurrera. Bi taldeetako partaideen arteko harreman estua gero ere nabaritu zen elkarrekin Arrieskalleta elkartean egin zuten afarian. Bertan Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak aritu ziren eta giro bikaina izan zen antzerkilarien artean.
Usurbilgo Txerriki taldearen izaera bera da azpimarragarria. Adin guztietako usurbildarrek osatzen dute talde herrikoia eta amateurra haur, gazte, heldu eta adinekoek: beraien borondate eta lan handiari esker, une honetan hiru lan dituzte prest eta datorren hilabeterako antzokietan eskaintzeko beste bat prestatzen ari dira.
Aurretik birritan egina zuten Lider Berria lana eta ikusten egon ziren lasarteoriarrek aipatu zutenez, haria jarraitzea erraza ez bazen ere, ikuskizun barregarria izan zela eta momentu oso dibertigarriak izan ziren hogei bat lagunek osatzen duen Txerriki taldearen ordu beteko emanaldian.
Ondoren Azpeitiko Lakrikun taldeak Greban Gaude lana eskaini zuen. Hiru garbitzaileren orduterdiko elkarrizketa atsegin eta barregarria eskaini zuten. Gaur egungo edozein emakumek bizi ditzaken hainbat arazo, egoera eta gertaera bitxi jorratu zituzten Jalgi Kafe Antzokian.
Ikusleek barre asko egin zuten Idoia Uranga, Gurutze Eizmendi eta Alaitz Sarasolak kontatutako maitasun, sexu eta beste hainbat istorioekin.
2004tik ari dira lan hau eskaintzen eta talde amateurra bada ere hiru neskek erakutsi zuten esperientzi handia dutela antzerkian. Lan honek duen berezitasunetako bat da hiru aktoreek hizkuntza herrikoia darabiltela eta hika hitz egiten dutela. •