Okendo Zinema Taldea proiekzioekin ostegunean hasiko da

Txintxarri 2008ko urriaren 6a

Okendo Zinema Taldeko kideek uztailean eskaini zuten azken filma Okendoko frontoian eta ondoren etenaldi bat egin dute. Baina, aste honetan ekingo diote udazkeneko programazioari. Ostegunean, urriaren 9an, "Talk to me" ikusi ahal izango duzue eta hilak 23an, "Caramel" filma. Azaroko egitaraua ere aurreratu digute: "Persepolis", azaroaren 13an eta "Kitchen stories" 27an.
Momentuz, hilean bi emanaldi eskaintzen jarraituko dute, bigarren eta laugarren asteko ostegunetan, gaueko 22:00etan, Manuel Lekuona Kultur Etxean. "Udalarekin egindako hitzarmenak urte beteko epea jasotzen du. Herritarren erantzunaren arabera ostegunetako zine emanaldiek jarraipena izango dute, edo ez". Hau dela eta, Okendo Zinema Taldeko lagunek lasarteoriatar guztiak animatzen dituzte ostegunetako proiekzioetara.

Webgunea
Okendoko Z.T.ak duen webgunean, www.okendozinema.org, taldearen historia, karteldegiak, foroa eta abar, aurkitu ahal izango duzue. Zine-klubekoek herritar orori ireki nahi dizkiete ateak. Horregatik, webgunean zuen ideiak, iruzkinak, proposamenak etab, jasotzeko prest daude. "Orain, bide berri honetan zuen laguntza behar dugu".•