Urtero bezala Udalak herriko zaharrenak omendu zituen atzo Michelingo frontoian egin zen bazkariarekin. Bazkaltzeko bildu ziren 900 lagunak giro onean izan ziren eta sasoiko daudela erakutsi zuten.
Hasieran pikatzeko besteak beste esparrago eta pipar beteak jan zituzten, ondoren arrai betea, gero, biribilkia eta azkenik postrea jan zuten.
Bazkarira joandako lasarteoriar zaharrenak, 90 urteko Villajos Gómez eta 93 urteko Maria Doloren Toribiok Ana Urchuegiaren ondoan bazkaldu zuten. Mertxe Galdos Biyak Bat elkarteko presidentea eta Lourdes Acebedo zinegotziarekin batera herriko apaizak ere mahai nagusian izan ziren.
Ondoko mahai batean 80 urtetik gorakoak zeuden, eta beste hainbat mahai 900 lagun hartu ahal izateko. Bizitza oro har gero eta luzeagoa da eta hori argi ikusten da urtero Lasarte-Oriako zaharren omenez egiten den bazkarian.
Bazkaria ez zen atzoko ekitaldi bakarra izan. Zero Sette akordeoi orkestraren laguntzarekin Biyak Bat elkarteko abesbatzak emanaldi bikaina eman zuen Kultur Etxeko aretoan.
Merienda asteazkenean
Dena den, adinekoen egun handiarekin eta atzoko bazkariarekin ez dira amaitu azken asteotan zaharren omenez egin diren ekitaldiak.
Etzi, asteazkenean, betetzen dira ofizialki 30 urte Biyak Bat elkartea Kale Nagusian jarri zenetik eta goizean 11etan Brigidarren komentuko elizan meza izango dela iragarri dute arduradunek eta gero arratsaldeko 6etatik aurrera merienda. Elkarteko bazkideak gonbidatuta daude ospakizunera.
Bestalde, elkartean hainbat txapelketa burutu dira azken asteotan eta aurreko ostegunean eman zitzaizkien irabazleei sariak. Ekitaldi horretan aurten elkarrekin 50 urte betetzen dituzten bikoteei ere omenaldi txiki bat egin zitzaien. Bikote bakoitzak, Biyak Bat elkartearen, Udalaren eta herriko banketxeen opari bana jaso zituzten. Ondoren omendu eta sarituek elkartean bertan afaldu zuten. •