Joxe Zapiain, Zahar-etxearen sortzaileari omenaldi beroa

jon-altuna 2008ko urriaren 6a

Zaharren Etxeak, Biyak Bat elkarteak 30 urte beteko ditu asteazkenean. 1978ko urriaren 8an ireki zituen ateak. Zortzi urte lehenago helburu horrekin lanean ari ziren jada Joxe Zapirain eta beste lasarteoriar batzuk. Azkenik lortu zuten eta Zaharren Etxea zabaltzeko egindako lana bihotzez eskertu zioten aurreko ostegunean Biyak Bat bertako aretoan egin zen ekitaldian. Ondoren, aurreko asteetan zaharren etxean egin diren txapelketetako irabazleek sariak eman zitzaizkien eta aurten ezkondu zirenerik 50 urte betetzen dituzten bikoteak omendu zituzten.
Arratsaldeko 5etan hasi zen ekitaldia. Hasteko Joxe Zapirain 76 urteko herritarra omendu zuten. Mertxe Galdos Zaharren-etxeko lehendakariak argi eta garbi esan zuen bera dela, Joxe Zapirain, “etxe hau eta elkarte dena sortu zuena, geratu ere egin gabe lana egin zuena denen onerako. Asko bera herriko agintarien ondoan ikusita harrituta izango zarete, ez duzue ezagutu ere egingo, baina bera da 1978ko urriaren 8an duela 30 urte ireki zen etxe honen bultzatzailea, askotan esaten dut eta horrela da askorentzat gure bigarren etxea”.
Eskerrak eman zizkion egindako lan guztiarengatik eta opari bat eman Zaharren Etxean zirenen txalo artean.
Biyak bat orain dagoen tokian 1978an ireki bazen ere zortzi urte lehenago heldu zioten Zaharren etxea irekitzeko asmoari. Joxe Zapirainek 76 urte ditu eta sortzez Añorgarra da, baina lotura estua izan du beti Lasarte-Oriarekin. 14 urte zituenetik bertan egin du lan eta 1961ean ezkontzean etorri zen bizitzera. GUCAn koilaren eta sartaginak egiten hasi zen lanean, Bianchiren lantegi ezberdinetan aritu zen eta Donostiako enpresa batean ere bai. 1956an Michelinen hasi eta 1990ean bertan jubilatu zen arte.

1970etik lanean
1970 inguruan sortu zitzaien Zaharren Etxea irekitzeko asmoa. “Michelinera etorritako langile askok, beraiekin ekarri zituzten gurasoak ere, eta adineko asko zen non egon ez zekitenak. Tabernetan egoten ziren eta 5.30-6.00 aldean argiak itzali eta bidali egiten zituzten.” Joxe berak, Ciriaco Jimenez-ek eta Joxe Aizpuruak pentsatu zuten haientzako elkarte bat sortzeko zerbait egin behar zutela.
“Uistineko eskola hutsik geratu zenean aukera izan genuen, baldintza kaxkarretan bazen ere lokal bat irekitzekoa” kontatu digu Joxek. Fermin Altuna zen orduan alkatea.
Legeztatu ere egin zuten Joxe Iruretagoienaren laguntzarekin eta Joxe Zapirain Azkoitia eta Tolosako Etxeak ikustera joan zen funtzionamendua ezagutzeko. Gerora Lasarte-Oriakoa izan zen beste batzuentzat eredua.
Hainbat enpresatan laguntza eske ibili ziren bultzatzaileak lokala ahalik eta txukunen jartzeko. Florentino Mendo izan zen lehenengo lehendakaria eta langile bat jarri zuten elkartea kudeatzeko.
Orduan hasi ziren adinduen omenaldiak antolatzen, hasieran Joxe Mari tabernan 40-60 bat lagun gero toki nahikorik ez zela eta Lasarte tabernara pasa zuten, 80-90 lagunentzat bazkaria antolatuz, baina hau ere txiki geratu zen eta Sasoetako eskolara pasa zen, han 200ekin hasi eta aurrerago 400 bat lagun biltzen ziren. Atzo Michelinen 900 lagun elkartu ziren.

Udaletxe azpian
1970-1974 tartean egon zen zaharren etxea Uistin-en baina etxeak eraiki behar zituztela eta bota behar zenean Udaletxe azpira pasa ziren. Hemen ume txikien eskola hustu eta nahiko ondo egokitu zuten aurreko kasuan bezala herriko enpresen laguntzaz. Baina Etxe ofizial bat lortu arte ez zuten etsi eta azkenean 1978ko urrian ireki zen kale nagusikoa, hainbat zailtasun gainditu eta gero.
Geriatriko bat jartzeko egitasmoa bertan behera geratu zela eta aukera ikusi zuten elkartea irekitzeko eta hainbat bileraren ondoren gauzatu zen. Joxe Zapirainek kontatu digunez, bilera horietako batean esandakoa idatziz jartzeko eskatu zien agintariei, zortzi urtean hainbat promesa jaso eta batere betetzen ez zelako.
Azkenean agindutakoa bete zuten eta duela 30 urte zabaldu zenean, besteak beste, Argaia obispoa eta Gipuzkoako gobernadorea izan ziren Zaharren etxean.
Biyak Bat izena jarri zioten: alargunen elkartea ere bazen toki bat behar zuena. Denek elkarrekin jartzea erabaki zutenez, alargunak eta adinekoak, izen hori jarri zioten, Biyak Bat, orduan, 1978an euskara batuaren hastapenetan, erabiltzen zen grafiarekin.
Lasarten orduan ez zen Udalik eta Auzo Elkarteko ordezkariekin tirabirak izan zituztela ere kontatu digu. Hala ere, orduan elkarteari oztopoak jartzen zizkiotenak behin Biyak Bat ireki eta gero aurreneko zuzendaritzatan izan zirela gogoratzen du Joxe Zapirainek.
30 bat urte zituela hasi zen Joxe Zapirain adinekoentzat elkarte bat irekitzeko helburuarekin lanean eta 38rekin lortu zuen. Orain berarekin batera aritu zirenetatik bera da bakarrik eta ostegunean omendu egin zuten. •