Arrieskalleta elkarteko bazkideak Hipodromo etorbidetik abiatu ginen larunbatean goizeko 9tan Iruña-Veleiara. Ateri, baina eguraldi freskoa zen. 10ak inguruan geldialditxo bat egin, 11etan aztarnategira iritsi eta bertan bi taldetan banatu ginen bisita gidatua egiteko.
Aztarnategi arkeologikoa Arabako hiriburutik, 10 kilometrora dago, Villodas eta Trespuentes herrien artean, Zadorra ibaiaren bihurgune batean.
Erromatarren bidean
Karistiarrak izan ziren bertan lehenik Brontze aroan eta ondoren erromatarkuntza iristean Veleia izeneko hiri handia bilakatu zen. Astorga eta Bordele hiriak lotzen zituen bidea bertatik igarotzen zen.
Kristo ondorengo lehenengo mendean 80 bat hektarea zituen eta III. mendean, harresia egin zen.
Veleiaz ezagutzen diren azken datuak V. mendekoak dira hiria husten hasi zen garai hartan eta inguruko herrixketan kokatu ziren ordura arte bertan bizi izan zirenak. Eta beranduago Erdi Aroan Malta ordenako zaldunak ezarri ziren bertan.
Veleian sei gune daude ikusgai. Batetik, barrakoiak, bertan 480 soldadu egon ohi ziren, gelako 10 lagun literetan. Gorputz osoko ileak kentzeko erabiltzen zituzten burdinazko pintza batzuk topatu zituzten han. Bestetik espazio publikoa, plaza, tenplua, kapitelen aztarnak... Herritar xumeen etxeko sotoak ere ikus daitezke. Etxe edo insulae horiek ez zuten komun eta sukalderik. Ondorioz, Termopilumetan, jantoki publikoetan jaten zuten.
Errosetoidun mosaikoaren etxearen azpian euriaren urak jasotzeko zisterna ikus daiteke. Zisternaren gainean mosaikoa duen etxe hori medikuren batena zela uste da, bertan kataratak operatzeko bisturi bat topatu baitzen.
Euskaraz idatzitako hitzak
Pompeia Valentinaren etxea goi mailakoena dela uste da. Etxe honek ere zisterna du eta gainean mosaikoa. Albo batean Pedagomium-a dago, eskola: bertan "tablilla" batzuk agertu dira, jainkoen zerrenda, hirien izenak eta euskarazkoak izan daitezkeen hitz batzuekin. Oraindik ikertzen ari dira hitz horiek euskaraz idatzita dauden ziurtatzeko.
Harresia, harri landu eta bete lanez egindakoa da. Atearen inguruko zatia dago agerian beste guztia lurpean dago ateratzeko zain. Harresiaren jiran ageri da Drako. Herensuge itxura egiten zuten mozorro batzuk jartzen zituzten haizearekin zarata ateratzen zutenak kanpotik zetozenak izutzeko.
Eusko Tren eta Euskal Trenbide sarea enpresek babestu dute Iruña-Veleia III. Milenioa proiektua. Beraien diru laguntzei esker ari dira lanean baina oraindik asko geratzen da industeko. Sarrera doan da asteartetik ostiralera 11-14 eta 16-19; larunbat, igande eta jaiegunetan goizez bakarrik zabaltzen da, 11-14. Hori bai, bisita gidatua ordaindu egin behar da.
Ordubeteko bisita da gutxi gorabehera. Eramandako zamarra eta zapiak izugarri eskertu ziren bisitan zehar, muinoan haize fina baitzebilen.
Armentia eta Gasteizen
13tan Armentiako zelaietan bazkaldu genuen bakoitzak etxetik eramandakoa. 15etan animatuenak oinez abiatu ziren Armentiatik Santa Maria katedral berritura eta besteak berriz autobusez. Bertatik Gasteizko alde zaharrean bueltaxka emateko aukera ederra izan genuen, 16:45ak arte, orduan Santa Maria katedraleko bisita baikenuen.
Berriz ere bi taldeetan banatu eta bisitari ekin genion. Heraclio Fournier Gasteizko karta fabrikaren 140. urteurrena ospatzen dela eta sarreran katedralaren beraren maketa bat egiten ari dira kartak erabiliz. Hasteko eta kokatzen joateko bideotxo bat jarri ziguten eta ondoren kaskoak jarri eta obretan zehar bisita gidatua egin genuen.
Zahar berritzearen berri eman ziguten eta eraikina nola eraiki zen eta zein arazo izan zituzten ikusteko balio izan diela adierazi ziguten. Katedral barruan ezin dira argazkiak atera, baina hainbat informazio eskura daiteke catedralvitoria.com helbide elektronikoan. Zaharberritze proiektua azaltzen da web orrialde honetan.
Bisita honek ere ordubeteko iraupena izan zuen. 19tan autobusera hurbildu, bertan mokadua egin eta etxera bueltan abiatu ginen, 20:45 inguruan iritsi ginelarik Lasarte-Oriara.