Tiro en la Cabeza filman zein lan egin duzu?
Produkzio burua izan naiz, baina denak polibalienteak ginen. Hori zen txistea. Hamar pertsona ginen dena egiteko, ekipo minimoarekin ibili gara eta denek denetarik egin dugu. Baina ni produkzio burua izan naiz, hala ateratzen naiz tituluetan.
Antolaketa guztia zure gain egon da, orduan?
Bai. Grabatzeko lekua bilatu eta materiala eta errodaia aurrera eramateko azpiegitura antolatu. Gainera errejidorerik ez zegoen eta aktore protagonista arte zuzendaria zen. Beraz, denak ibili gara errejidore lanetan.
Noiz jakin zenuen pelikularen berri?
Produkzio burua etorri zitzaidan, nire jefa zena, abenduko zubian. Jaimek proiektu berri zeukala esan zidan, "peli punki bat, zuretzat, Donostian, eta Arretxe izango da protagonista". Niri kriston ilusioa egin zidan, baina zer zen esan zidanean ez zitzaidan hainbeste gustatu, "betiko gaia" pentsatu nuen. Ni aspertuta nago politikako pelikulak egiteaz, espezializatuta nago eta nazkatuta.
Gero dena azkar izan zen, abenduaren 1ean gertatu zen atentatua eta 8an nik banekien, Jaimek hiru egunetan idatzi zuen gidoia, pasa zidaten, sei aste egon ginen dena prestatzen eta bi errodatzen.
Zaila izan da lekuak aurkitzea edo baimenak lortzea?
Ez, pelikula nahiko berezia da. Dena kanpotik grabatuta dagoenez ez genituen espazio handiak behar. Bilatzen genuena leiho handiak eta abatibleak izatea eta distantzia egokiak izatea zen. Adibidez, lehenengo pisu bat parean errodatzeko beste leku bat daukana.
Etxeak topatzeko bi talde egin genituen Jon, aktore eta dekoratzailea, nere laguntzailearekin eta ni Jaimerekin. Donostiako kaleetatik ibiltzen ginen. "Begira etxe hau", joan, tinbrea jo eta pelikula bat grabatzen ari ginela esan. Horrela lortu genuen agertzen diren bi etxeak. Gero festarena agroturismo bat da eta Hondarribian topatu genuen. Zortea eduki genuen horrekin. Guztia zertan ari ginen esan gabe noski.
Gaiarena oztopo izan zitekeen, ez da?
Jaimeren erabakia izan zen ez esatea. Dokumental moduan egin nahi zuen dena. Beraz, ezin zen esan Jon “ETA kide” bat zela. Guk jendeari esan genion pelikula “Jon en las calles" izango zela eta ez Tiroa buruan. Dokumental esperimental bat egiten ari ginela esan genuen, piska bat arraroa, elkarrizketarik gabekoa, aktoreak ez zirela profesionalak, kanpotik errodatu behar genuela teleobjetiboekin... Ez genuen gezurrik esaten, baina ez genuen egia osoa esaten ere.
Errodaia bi asteetan egin zenuten eta erdian Goya saria eman zizueten La Soledad filmarengatik...
Bai, eromena izan zen. Gu klandestinidadean grabatzen ari ginen. Ostiral batean hasi genuen errodaia, larunbatean errodatu genuen eta Jaime Madrilera joan zen larunbat gau horretan Goya sariak izan baitziren.
Eta bat batean astelehenean Jaime ospetsua zen. Egunkari guztietan ateratzen zen. Sekulako sorpresa izan zen. Elkarrizketa batean irakurri dut errodaia atzeratu genuela baina ez zen hala izan. Osteko errodaia eromena izan zen Jaimek bazkaltzeko garaia elkarrizketetan pasatzen zuen. Beretzat kaotiko xamarra izan zen. Guk idazkari lanak egin genituen "ez orain ezin du grabatzen ari garelako...". Gainera, Jaime portatilarekin ibiltzen zen eta plano batetik besterako tartean elkarrizketak egiten zituen Internet bitartez.
Pozik egongo zineten orduan?
Bai, denak flipatuak. Jaime ospetsua egin zen, baita bere lana ere. Gero gainera, aluzinatu egin nuen zinemaldiko sekzio ofizialean Tiro en la cabeza sartu zela ikusteak. Horrekin bai poztu ginela. Nire ustez Donostian estreinatzeko pelikula zen eta Zinemaldia arriskatu da beraz.
Zinemaldian sari txiki bat izan du, Fipresci saria.
Bai, txikia da eta ez da oso ospetsua baina oso ona da sari hori Europako estreinuak bermatzen dituelako. Han flipatu egin dute, noski. Nik uste dut Frantzian hemen baino hobeto hartuko dutela filma. Kontuan hartu behar da hemen gaiak eragin handia sortzen duela jendearengan agian Europan desberdina da.
Baina kritika asko eduki ditu pelikulak...
Bai, baina onak eta txarrak. Gainera, niri gustatzen zaidan gauza bat da, El Paisen adibidez hiru elkarrizketa egin dizkiote eta batzuk oso kritika ona egin dute eta beste batzuei ez zaie gustatu, El Mundon ere edizio digitalean oso gaizki jarri zuten baina paperezkoan kritika ona izan zuen. Komunikabide berdinean iritzi ezberdinak egon dira eta niri hori gustatzen zait.
Jendeari arraroa egin zaio elkarrizketarik ez egotea, plano urrunekin...
Estreinatu zen egunean ni han egon nintzen eta jendea kanpora atera zen eta hori ulertu egiten dut. Nire lagun batzuei ez zaie batere gustatu, oso gogorra da ikusteko. Baina beste alde batetik iruditzen zait ondo dagoela pelikula bereziak egiteko aukera egotea, betiko pelikulen ondoan horrelako gauzak egotea. Gero, beste alde batetik, politikari buruz izateaz nazkatuta nago. Zinemaldian bi pelikula izan ditut eta biak gai politikoarekin. Orain beste bat prestatzen ari naiz eta politikarekin zerikusia dauka baita ere. Komedia bat egin nahi dut, mesedez!
Gainera estreinua baino bi egun lehenago atentatua egon zen.
Bai, Jaimek saria eman ziotenean kontatu zigun komunikabideetatik asko presionatu zutela. Iritzi bat emateko eskatzen zioten, atentatua kondenatzeko eta abar. Bera hor nahiko firme mantendu da esanez kondenatzeak ez duela ezer konpontzen eta ez du kondenatu. Presio eta elkarrizketa gogorrak eduki ditu horregatik. Pelikula oso ondo egin du, zer esana eman du baina, batzuei gustatu zaie beste batzuei gaitzesgarria iruditu zaie baina, zoritxarrez, iruditzen zait ez dela ezer aldatuko. Gogoratzen naiz La pelota vasca egon zenean ere istiluak egon zirena, baina gero ez zen ezer aldatu.
Zein desberdintasun nabaritu dituzu La Soledad egiten eta hau egiten?
Hau errodai punkia izan da. Pelikula berezia da, oso esperimentala, jende gutxirekin. Dokumental eran grabatuta dago eta denek denetarik egin behar genuen, "todoterrenoak" ginen.
Niri gogorra egin zitzaidan, asko sufritu nuen. Nire ardurak edukitzeaz gain, jantziena ere banuen horretarako ez zegoelako inor. Nire furgonetan dena neukan, atrezzoa, arropak...
Desberdintasun handia dago bestearekin. Azken finean jende eta diru gutxirekin egin da, biziraupena izan da. Hamabost egunetako errodaia izan zen, errodai normal batek zazpi bat aste irauten ditu gutxienez eta egoera hobeetan.
Oso ondo pasa genuela ere esan behar dut, taldea kristona izan zen. Iparraldera grabatzera joan ginenean oso ondo pasa genuen. Han koproduktore frantses bat zegoen eta berak antolatzen zuen orduan gu erdi oporretan joan ginen.
Aktore ezezagunak izan dira, gainera arteko zuzendaria aktore nagusiaren lanetan...
Bai, Jon Arretxe erotuta ibili da. Gainera Jon atxilotuta egon zen. Oso terapeutiko izan da. Flipatu egin genuen kontatu zizkigun gauzekin, oso gogorra izan zen. Gainera, bat-batean Jaimek idazten dit mezu bat El Paisen Joni egindako elkarrizketa irakurtzeko. Irakurri eta hori dena kontatzen zuen, gero Garan ere atera zen.
Orain zertan ari zara?
Orain Xabi Elortegiren pelikula batean nago lanean. Xabik Balbemendi, Goenkale, Hasiberriak telebistako saio asko zuzendu ditu eta Anjel Lertxundiren liburu bat egiten ari gara Zorion Perfektua.
Hau ez da Jaimerena bezain gogorra baina atentatu bat ikusten duen neska baten istorioa da, biktimen ingurukoa. Gainera euskaraz da eta hori gustuko dut.•