Bukaeraraino borrokatuko dugu, ezer gehiago ezin dugu galdu eta

helena-ferreras 2008ko urriaren 10a

Jose Luis Aranburu amiantoaren erruz gaixotu da. Ia 50 urte eman ditu Luzuriaga enpresan lanean, 14 urte zituenean hasi zen 12 orduko lanegunarekin. Igandean goizeko 6etan bukatzen zuen larunbatean hasitako lana eta lo piska bat egin ondoren herritik bueltatxo bat eman eta hurrengo egunean berriro ere lanera joaten zen ia denbora librerik eduki gabe

Mendizalea da Jose Luis, horregatik piska bat ibili eta berehala nekatzen hasi zenean kezkatu eta medikuarengana jo zuen. Honek ez zion gauza handirik konpondu, pilula batzuk besterik ez zizkion eman baina Jose Luisek ez zuen hobekuntzarik sumatzen. Marga emaztearen ideia izan zen erradiografiak egitea zer gertatzen zen jakiteko.
Orain minbizia dauka birikak estaltzen dituen menbranan, pleuran. Ez du konponbiderik hori ezin baita kendu eta oraingoz kimioterapia bidez gehiago ez haztea lortu dute behintzat. Kimioterapia saioak gogorrak dira, zortzi orduko saioak ematen zizkioten hasieran eta horrek ondorio latzak dauzka gorputzean. Orain kimioterapia saio berri bat probatu berri du eta arinagoa dela esan diote, hiru ordu t´erdi besterik ez du irauten.
Mina kentzeko kortisona hartzen duela kontatu digu Margak, bere emazteak, eta horretaz gain opiazeoak "bestela minagatik erotuko litzateke". Hala ere sendagai horiekin tontotuta geratzen da, guztiz drogatuta.

Zer da amiantoa?
Amiantoa tenperatura altuak jasateko gai den minerala da horregatik erabili izan ohi da hain beste eraikuntzako materialetan, marruskadura jasaten duten produktuetan, arropa berezietan, ontzietan eta abar luze batean. Fabrika askotan beroaren aurrean babesteko amiantoa erabiltzen zen eta eragiten zuen kaltea ezagutzen ez zenez eskuz eta zerraz mozten zen inolako babes neurririk hartu gabe. Langile askok arnastu dute amiantoa Euskal Herrian.
Amiantoak batez ere biriketan eta hauek inguratzen dituen menbranan, hau da pleuran, du eragin kaltegarria. Amiantoaren zuntzak denbora luzez edo tarte motzez baina maila handian arnasteak minbizia sortu dezake gizakiengan, bi minbizia mota, biriketakoa edo mesotelioma. Mesotelioma sortzen denean, hau da, pleurako minbizia dudarik gabe amiantoa da erruduna.
Jose Luisi medikuak galdetu zion ea asbestoarekin lan egindakoa zen eta berak ezetz erantzun. Asbestoa zer zen ere ez zekien. Pneumologoarekin zegoela, honek berriro galdetu zion ea amiantoarekin lan egindakoa zen eta berak amiantoa fabrikako gune guztietan zegoela erantzun zion. "Neri ez zitzaidan burutik pasa hori izan zitekeenik, agian pneumonia bat edo edukiko nuela uste nuen" kontatzen du Jose Luisek, "ni prejubilatu baino lehenago uralitako zapaia konpontzen hasi ziren, langileak goian lanean eta gu azpian. Hautsak eta pusketak erortzen ziren eta Segurtasun eta Osasuneko arduradunari esan nion horrela ez zegoela lan egiterik. Bere erantzuna beraiek ere lan egin behar zutela izan zen. Sekulako iskanbila eduki genuen orduan, berari bere mahaiarekin lanera hara behera jaisteko esan nion. Orduan oraindik ez genekien zein txarra zen horrelako hautsa arnastea".
Jose Luisen hitzetan “lehen, inork ez zekien amiantoa zein arriskutsua zen baina behin jakin eta gero ez zen inolako neurririk hartu. Ez ziren langileen osasunaz arduratu. 83. urtetik ez dizkidatela plakak egin eta hori ez da odol analisi hutsekin ikusten". Zenbat eta lehenago detektatu gaixotasuna orduan eta bizi kalitate hobea izango du gaixoak. Gainera, Jose Luisek kontatzen duenez, fabrikan ez zegoen espazioak banatzeko hormarik, dena irekita zegoen eta denek arnasten zuten amiantoaren hautsa: "guk amiantoz inguratuta egiten genuen lan".

Epaiketa
Jose Luis eta Margari medikuak esan zien hori laneko gaixotasuna zela eta salatu zezaketela, kasu honetan gainera, pleuran dago kaltea eta hori, inongo dudarik gabe amiantoak sortua da. Osalaneko informe batek eta Gizarte Segurantzak Luzuriagan amiantoa zegoela baieztatu arren enpresak salaketa errekurritu zuen han amiantorik ez zegoela argudiatuz. Epaiketa irailaren 11ean ospatu zen eta bertan Victorio Luzuriaga Usurbil, S.L. enpresak jarritako salaketa atzera bota zen, ondorioz Jose Luis Aranburuk duen gaixotasuna lanekoa dela onartzen da. Bera bezalako asko daudela esaten du Jose Luisek eta bere kasua ikusi eta gero beste asko etorri daitezke atzetik, horregatik enpresak sekulako ahaleginak egiten ari dira gai hau ez dadin argitara atera.
Asko dira gaiari garrantzia ematen ez diotenak, lankide batzuk, enpresako komiteak eta abar. Jose Luisen esanetan lehengo langileak gutxi geratzen dira eta orain enpresan berriagoak direnak ez dira mugitzen. Batzuk semeak sartu nahi dituzte han lanera eta ez dute iskanbilarik sortu nahi. "Nik ez nuke nahi nere semeek Luzuriagan lan egiterik. Familiakoa ni izango naiz han lan egingo duen azkena".
Orain gauzak salatu daizteke eta hori aprobetxatuz bukaeraraino borrokatuko dute Aranburutarrek, "tokatu zaigu, baina bukaeraraino borrokatuko dugu, Francoren aurka borrokan ibili ginen ba! Franco garaian ez zegoen salatzerik baina orain gauzak salatu daitezke. Bukaeraraino iritsiko gara, behar den tokiraino. Ezer gehiago ezin dugu galdu eta".

Salaketaren beldur
Horrelako egoera batean egonda askok ez dute sasibidean sartu nahi. Epaiketetan sartzeko abokatuak, paper pila bat eta joan etorri asko egin behar dira eta normala da jendeak horretarako gogorik ez edukitzea. Bestetik, gainera, askok beldurra daukate enpresa handi baten aurka jarduterako orduan. Margak esan zigunez beraiei Jesus Uzkudunek asko lagundu die, bera jendeari laguntzeko prest dago gaiarekin burubelarri sartuta dagoelako. Batzuk ez dute sinesten eta beste batzuk beraiei ez zaiela tokatuko uste dute "Kaleko jendearekin hitz egiten duzunean ez dizute sinisten, asko daude minbiziarekin eta ez dute begiratu nahi gaixotasunak amiantoarekin zerikusirik duen."
Jose Luis eta Margak borrokan jarraituko dute beraien eskubideen alde. Haserre eta minduta daude enpresak hartu duen jarrerarekin baina hala eta guztiz ere ez dute etsiko. egiteagatik gaixotzea ez da bidezkoa horregatik horrelakoetaz zerbait ikasi beharko genuke berriro gertatu ez dadin. Amiantoa hondamenditzat jotzen dute adituek.
Azken finean zein produktuekin eta nola ari garen lanean jakin beharra daukagu. Horren beste jende gaixo egotearen erantzunkizuna norbaitek hartu behar du.•